EuskarAbentura aplikazioa, zuzeneko komunikaziorako ahalegina
Aplikazioaren helburua
Sare sozialen sasoian, ba al du zentzurik aplikazio bat egiteak? Zilegi da, noski, galdera hau egitea eta hausnarketa honekin abiatu genuen proiektua. Zentralizatutako sare sozial handien garaian informazioa modu eraginkor batean partekatzeko saiakera edo hurbilpen bat da aurtengoa. EuskarAbentura oso gertutik jarraitzeko aukera eman eta bere inguruan komunitate bat sortzeko ahalegina.
Lehen urte honek balioko digu ikusteko ea zerk funtzionatu duen eta zerk ez. Hasi, ongi hasi da aplikazioa, bizpahiru egunean laurehun deskarga inguru lortu ditu eta erabiltzaile horiei informazioa zuzen-zuzen ematen argi gara.
Aplikazioak ondorengo informazioa eskaintzen du:
Mapa
Mapa batean erakusten da espedizioarekin loturiko informazio geografikoa:
- Etapa bakoitzaren ibilbidea ikusten da.
- Une honetan espedizioa non dagoen.
- Geokokatutako albiste edo gertaerak.
Bizi espedizioa
Izen hau duen atalean biltzen ditugu espediziokideek sortzen dituzten gertaera edo albisteak. Ondoren azalduko dugun moduan, albisteak backend-etik edota berariaz prestatu diegun aplikazio pribatu batetik publikatu daitezke.
Etapen inguruko informazioa
Hilabete honetan egingo dituzten etapa guztien informazioa eskaintzen du aplikazioak, bakoitzaren datu tekniko, ibilbidea eta mapa, profila eta lotuta dituen gertaerekin.
Partaideen aurkezpena
"Nor da nor" atalean partaideen inguruko informazioa ematen dugu, bakoitzaren argazkia, aurkezpen bideoa eta galdera-erantzun batzuk erakutsiaz. Atal honek sailkatuta erakusten ditu espediziokideak: nerabeak, begiraleak eta gonbidatuak. Halaber, bilatzaile baten bidez gure herrikorik ba ote dagoen kuxkuxeatu dezakegu.
Jakinarazpenak
Aplikazioa deskargatu duen erabiltzailea gurera erakartzeko modu eraginkorra eskaintzen dute jakinarazpenek, eta gure azpiegitura teknikoak aukera ematen dio EuskarAbenturako lan-taldeari albiste edo gertaeren inguruko jakinarazpenak bidaltzeko. Horrela, gertaera deigarriren bat dagoenean, norbanakoei esan diezaiekegu "hey, begira zer gertatu berri den EuskarAbenturan, ikusi, ikusi!".
Jarduna
Espedizioa amaitu arte jardungo dute komunikazioko lan-taldekoek edukia gehitzen. Hortik aurrera, aplikazioan ez da jardun berririk gehitu, baina 2019ko EuskarAbenturaren istorioa bertan geratuko da gordeta. Hurrengo urtera arte.
Azpiegitura teknikoa
Guzti hau posible izan dadin ondorengo azpiegitura teknikoa eraiki dugu:
- Backend bat: aplikazioak erakusten duen informazio guztia backend edo datu-base batean osatzen da. Bertan doa gordetzen partaideen inguruko argazki, bideo eta testuak, etapen datuak, gertaerak, ... Software libreko Django frameworka erabiliz sortu dugu backend hau.
- Aplikazio publikoa: Android zein iOSerako prestatu dugun aplikazioa da erabiltzaileak deskargatzen duena. Angular erabiliz egin dugu eta backendak bidaltzen dizkion datuak erakusten ditu.
- Aplikazio pribatua: proiektu honetarako propio egin dugun garapen berezi bat izan da hau. EuskarAbenturako lan-taldeak soilik daukan aplikazio pribatu honek aukera ematen die modu errazean euren momentuko geokokapena zein den esateko (zuzeneko geokokapena behin aktibatu, eta kitto, mapan bistaratuko dugu nondik doazen, bost minutuan behin eguneratuz kokapena). Gainera, aplikazio pribatu honen bidez, gertaera edo albisteak gehitu ditzakete modu erraz eta sinplean: argazkia atera, izenburua eman eta kitto, ordua eta geokokapena automatikoki hartzen ditu.
Deskarga:
Hemen jaitsi ditzakezue EuskarAbenturaren Android edo iOS aplikazioak:
Android | |
---|---|
iOS |