2013/08/08
Oraindik goiz samar da ondorio nabarmenik ateratzeko, baina Twitterreko euskarazko jarduna jarraitzen ari garenetik Umap-en, euskarazko mezuen proportzioak behera egin du etengabe hilero-hilero: %51 zen martxoan, %42 abuztu hasieran.

Orain dela ia 6 hilabete hasi ginen datuak jasotzen Umap berrituan. Twitterreko euskarazko jarduna filtratu, erabiltzaileak detektatu, euskarazko mezuak bereizi...

Hainbat datu jasotzen ditugu, eta horien artean bat euskarazko txioen proportzioa. Euskaldunok, zenbat txiokatzen dugu euskaraz? Zenbat beste hizkuntza batzuetan? Bada, jarraipena egiten ari garenetik, eta hileroko datuak hartuta, euskarazko mezuen proportzioak etengabe egin du beherantz.

Euskarazko txioen proportzioa 2013ko otsailetik abuztura bitartean. Umapen jasotako datuen arabera.

Euskara-erabilerak urteko 12. astean jo zuen gailurra, martxoa amaieran. Orduan, Umapen jasotako mezu guztien artean %55 izan ziren euskaraz. Hala ere, orotara, martxoko erabilera %51koa izan zen. Harrezkero, gora-behera txiki batzuekin, baina proportzioak etengabe egin du beherantz. %48 inguru maiatzean, %46 ekainean, %44 uztailean... eta azkenengo aste honetan, abuztuko lehenengoan, %42. Orain arte neurtu dugun erabilerarik txikiena. Hilero-hilero bi puntu galdu ditu gure hizkuntzak.

Gorago esan dugun moduan, beharbada oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko. Datu-segida laburregia da, jarraitu dugun erabiltzaile-komunitatea aldatzen (eta handitzen) joan da, estazionalitateak ere eragina izan dezake, baldintza puntualek ere bai... baina orain arteko datuak hortxe daude.

Segida denboran luzatu ahala, datuak lasaiago eta sakonago aztertzeko aukera izango dugu: Komunitate osoa erdaldundu da? Komunitatera sartutako erabiltzaile berrien ezaugarrien ondorioa da? Nola gertatu da hain jaitsiera handia hain epe laburrean? Tira, esan bezala, hurrengo hilabeteetan jarraitu eta aztertu beharko dugun kontua da.

Hizkuntza detekzioaren inguruko informazio gehiago Umapeko albiste honetan. Eta hileroko estatistiken laburpen-txostenak ere Umapeko artxiboan dituzue.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek