EUSKALIT, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren araberako ebaluazioa
Kanpo ebaluazioa erakunde baten kudeaketaren azterketa orokorra eta sistematikoa da. Kualifikazio profesional handiko kanpoko ebaluatzaile talde batek egiten du, ikuspegi objektiboa erakutsiz, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren arabera.
Azken bi aste hauetan kanpo ebaluazioa jaso dugu CodeSyntax-en argazkian ageri den ebaluazio taldearen eskutik. Oso esperientzia ona eta aberasgarria izan da guretzat eta ebaluazio taldearekin oso "filin" ona izan dugu egia esateko. Profil eta zeregin profesional ezberdinekoak izanik ere, guztiengandik, jaso dugu ekarpen oso interesgarriak.
Prozesu guztia izan da interesgarria guretzat, lan pixkat eraman digu dokumentazioa batzeak, baina merezi izan du. Izan ere, dokumentazioaren jasoketa eta prestaketa lanean ere ikasi egin dugu, eta genituen zenbait hutsunetaz konturatu gara.
Bestalde, jaso ditugun iruzkin gehienak interesgarriak izan dira dira eta hobetzeko arloei heltzeko asmoa dugu, abiapuntu onak dira eta.
Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak lehiakortasunean beharrezkoak diren hobekuntzak bilatzen enpresak orientatzea du helburu, azken hamarkadetan hainbat esparrutatik ekarritako kudeaketa-kontzeptuak bateratuta: ezagutzaren kudeaketa, erabateko kalitatea, bikaintasuna kudeaketan, berrikuntza eta enpresen erantzukizun soziala, besteak beste.
Ereduan jasotako 6 elementu nagusiak oinarri dira erakundeen lehiakortasuna egituratzeko kudeaketa-sistema garatzeko. Horrek berekin ekarriko du:
- Pertsonengan proiektu partekatu bati atxikita egotearen sentimendua sorraraztea.
- Enpresa bezeroengana orientatzea, balio-ekarpen bereizgarria eginda.
- Berrikuntza enpresaren esparru guztietan aplikatzea.
- Gizartearekiko konpromisoa bultzatzea, garrantzizko lehiakortasun-ahalmenen hornitzailea den heinean.
- Epe luzerako ikuspegia sortzea, argiro zehaztutako estrategia baten bidez gauzatuko dena.
- Interes-talde guztientzat gogobetegarriak izango diren emaitzak lortzea, modu iraunkor eta orekatuan.
Ereduan 6 elementu (Estrategia, Bezeroak, Pertsonak, Gizartea, Berrikuntza eta Emaitzak) eta 23 azpi-elementu daude, eta horietan, hainbat kudeaketa-praktika, erakunde aurreratuek eta erreferentzia direnek erabiltzen dituztenak daude. CodeSyntaxen gure bidea egitea nahi dugu eredua gureari egokituz eta etengabeko hobekuntza bilatuz. Eskertuta EUSKALIT bidelagun izateagatik.