2024/09/03
"Mendeurreneko ehuneko berezia" izendatu duen erronka proposatu du Euskal Mendizale Federazioak eta Mendiak APPean txertatu dugu.

1924an sortu zen Euskal Mendizale Federazioa (garai hartan Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izenarekin) eta, beraz, 100. urteurrena ari da ospatzen 2024 honetan. Mendeurrena aprobetxatuta, Ehun Mendien Anaidiak "Mendeurreneko Ehuneko Berezia" izeneko erronka antolatu du (ikus PDFa Federazioaren webgunean).

Euskal Herriko 100 gailur esanguratsuenen zerrenda osatu dute eta 10 urteko epean 100 mendi horiek igotzeko gonbita luzatu die euskal mendizale guztiei. Mendiak APPean ere erronkak ditugunez, eta 100 mendien lehiaketako igoerak ere bertan markatu daitezkeenez, erronka berri hau ere Mendiak APPean txertatu dugu.

Duela ehun urte ingurutik antolatzen den 100 mendien lehiaketaren antzekoa izango da, baina araudi berezi samarrarekin. Erronka honetan parte hartzeko federatuta egon beharko da eta hauek dira jarraibide nagusiak:

  • 100 mendiak igotzeko epea 10 urtekoa izango da, 2024-2033 artean.
  • Eguneko gailur bakar bat puntua daiteke.
  • Urtean gutxienez gailur bat igo beharko da eta ez dago urtean igo daitekeen gehienezko mendi-kopururik.
  • Dagoeneko 100 mendien lehiaketan parte hartu eta osatu dutenek, lehiaketa horietan igota dituzten mendiak ez dituzte berriro igo beharko.

Ehuneko honen gauzatzea osatzen ari den 100 mendietako beste edozein historialekin batera egin daiteke, eta era honetan, Mendeurreneko Ehuneko Berezirako igotzen den gailur bat aldi berean zenbatu daiteke "ohiko" 100 mendien lehiaketa baterako (Araudian jasotzen diren baldintzak beteta).

Erronka amaitzen duten mendizaleek diploma bat jasoko dute eta hura burutu izana adieraziko du Ehun Mendien anaidiak zerrenda batean. Edozein zalantza argitzeko ondorengo posta elektronikora idatzi daiteke: centenarios@emf.eus.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek