Etxekoandroid kronika
Ostiralean bildu ginen EHUko Korta eraikinean android sistema eragilean interesa daukagun zazpi lagun: Gorka Julio Teketen (Elurnet), Iñaki Arizmendi eta Leire Bardají (i2Mapp), Juanan Pereira (Proyelia), Maite Goñi (Jakintza ikastola), Mikel Kerejeta (Tagzania) eta neroni CodeSyntaxetik. Hasiera hasieratik giro polita izan genuen. Deskonferentzia eran antolatutako (horrela esan badaiteke) topaketa izan zen, eta zazpi lagun izateak lagun arteko hizketaldiak erraztu zituen. Horrela, prestatutako aurkezpenetatik kanpo momentuko duda eta
txaskarrilloak komentatzeak pisua hartu zuten. Eskertzen da alboko lagunekin gauza konkretuetaz hitzegiteko aukera.
Argazkiak.org | Etxekoandroid 2009 © cc-by-sa: sustatu
Aspalditik hona gertatzen den bezala Teketenek bideo emanaldia antolatu zuen zuzenean eta bide horretatik bataz beste hamabost bat lagunek jarraitu zuten jardunaldia. Twitter eta beste tokietan ikusitakoaren arabera badirudi badagoela interesa android sistema honetan.
Lehenengo aurkezpena Iñaki Arizmendik egin zuen, eta sistemaren firmware eguneraketak izan zituen mintzagai. Firmwarea telefonoaren oinarrizko sistema da. Operadoreek oinarrizko sistema hau aldatzeko aukera daukate eta horrela eskaini nahi ez dituzten zerbitzuak kendu.
Dena dela android sistema librea den neurrian "edonork" sortu dezake oinarrizko sistema bat eta berau mugikorrean instalatu. Iñakik ezaugarri desberdinak biltzen dituen hiru firmware aurkeztu zituen, baina askoz ere gehiago daude nahi duenak frogatzeko.
Mikel Kerejetak Tagzaniak sortutako Androidarentzako aplikazioa aurkeztu zigun primizian. Aplikazioak tagzania.com webgunean egin daitezkeen ekintzak egitea ahalbidetzen du gure android gailuetatik. Aplikazio hau oraindik ez dago eskuragarri, azken ukitu batzuk falta
zaizkiolako. Hau horrela izanda, Android Developer Challengera aplikazioa aurkezteko komentarioa atera zen. Lehiaketa honetara aurkezteko abuzturako prest izan beharko dute aplikazioa. Ea ba!
Animo!
Juanan Pereirak hainbat Android aplikazio interesgarri aurkeztu zituen:
-
SipDroid: internet bidezko (VoIP) telefono deiak egiteko aplikazioa. Zuzeneko demo bat ere egin zuen Mountain View-ko pizzak etxera bidaltzen duten enpresen kokaguneaz googleri galdetuz.
- Qik!: Zuzeneko bideo streaminga telefono bidez. Gorkak egin zigun erakustaldia.
- GTalk: Mezularitza aplikazioa.
- JetPDF: PDFak irakurtzeko aplikazioa. Mota honetako hainbat aplikazio aurkeztu zituen. Dena dela, arlo honetan oraindik asko hobetu behar delakoan gaude.
- Tetherbot: android mugikorra 3G modem bezala erabiltzeko aplikazioa. Beti jakin nahi izan dut zergatik den horrelako konplexua android telefonoak modem bezala erabiltzea, eta badirudi kontratu arazoak daudela (Vodafonen adibidez kontratuz debekatuta dago hau).1
Leire Bardajík hainbat GPS nabegaziorako aplikazio aurkeztu zituen, dohakoak, ordainpekoak, interneteko konexioa behar dutenak, ez dutenak behar... Badirudi mota honetako lehen aplikazioa (AndNav) oraindik ere hoberenen artean dagoela. Aplikazio honen bigaren bertsioak OpenStreetMap-eko mapak erabiltzen ditu.
Nire aurkezpena gure Android gailuaren erabilpenaz izan zen. Gure asmoa da gure zerbitzariak bulegoz kanpo gaudenean android gailuekin kudeatzea. Horretarako zerbitzarien monitorizazio sistema bat antolatzen ari gara, eta sistema hau gmail kontu batera notifikazioak
bidaltzeko konfiguratu dugu. Androiden gmail integrazioa aprobetxatuz, notifikazioak jasotzeko erabiliko dugu. Behin notifikazioak jasota erabakiak hartzeko aukera behar dugu, horretarako ConnectBot ssh bezeroa erabiliko dugu zerbitzarira konektatzeko, eta KeepassDroid
pasahitzen kudeaketa egiteko.
Esan bezala jardunaldi atsegina izan zen, eta bertaratu ginenok aurrerago biltzeko asmoa agertu genuen. Hau dela eta komunitatearen webgune izango den etxekoandroid.com webgunea sortzea erabaki genuen. Jardunaldiko hitzaldien bideoak Gorka Juliok euskaltuben jarri ditu.