Erabili PDFak ganoraz
Lau urte pasa dira UEUn ikastaro hau eman genuenetik: Nola idatzi Interneterako. Lehenago ere jardun izan gara etxe honetako lankideak sarean komunikatzeko gakoak zeintzuk diren emanaz. Eta PDFen taxuzko erabilera aipatu izan dugu sarri.
Eta, zer da PDFak gaizki erabiltzea? Horra bi adibide, azken asteetan ikusiak:
- Herriko kiroldegiak udan zein ordutegi duen ikusi nahi nuen haien webgunean. Eta webgunean albiste bat zeukaten ordutegi berria iragarriz. Bertan erakutsi ordez, PDF bat atxikita, ditxosozko ordutegiarekin.
- Eposta mezu bat jaso nuen hitzaldi bat iragarriz. Estekan klik egin eta PDF bat jaitsi behar izan nuen, hitzaldiaren aurkezpen eta egitarauarekin.
Bata zein bestea testu laburrak ziren. Komunikazioan diharduen langile askok Word-ean milimetrora maketatu nahi izaten dituzte eduki sinpleenak ere.
Zergatik ez erabili PDFak?
Ez da geuk asmatu dugun zerbait. Erabilgarritasunean adituek urteak daramatzate esaten PDFak ez direla egokiak web nabigaziorako. Eta hori telefonoak erabili aurretik zioten! Konprobatu duzu nola ikusten den zure PDF hori mugikor batean?
Erabiltzailea zure orrian badago, eskaini bilatzen ari den informazioa zure orrian bertan, eta ez aparteko formatu eta teknologian. Bestalde, egin kontu PDFak ez direla oso egokiak bilatzaileetan ondo kokatzeko eta nabigazio-estatistiketatik kanpo geratzen direla.
Nola erabili PDFak?
Erabili PDFak inprimatu egin behar diren dokumentuentzat, edota manual eta eskuliburu luzeentzat. Gainerako kasuetan, jarri ezazu testua zure webguneko orri batean, HTMLan. PDFa gehigarri bat izan behar da, orri zehatz batean eskaintzen duzun informazioa aberasteko erreminta bat, ez orri hori ordeztuko duena.
PDFra esteka jartzean, esan erabiltzaileari PDF bat jaistera doala, eta bere pisua. Berau txertatu dezakezu orri zehatz batean, baita ere, Scribd edota Issuu bezalako zerbitzuren bat erabiliz.
Aurreko adibideekin jarraituz, zuzenagoa litzateke:
- Kiroldegiaren udako ordutegia albistean bertan erakustea, PDFa soberan dago.
- Eposta bidezko iragarkian dagoen estekak zure webgunera eramatea, eta han hitzaldiaren berri ematea, PDFrik gabe.
Eta horrelaxe, bada, jarraitzen dugu 2014 erdia joan ostean PDFak fundamentuz nola erabili behar diren azalpenak ematen.