Enpresa eta euskara, sareak sortzen: Enpresarean
Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek ireki du jardunaldia Bai Euskarariren webgune berria eta jardunaldiak aurkeztuz. Jarraian Eneko Astigarragak hartu du hitza. Codesyntax enpresako gerentea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kidea da bera. Euskara, enpresa eta sarearen inguruko informazio orokorra eman du: euskaraz lan egin ahal izateko zein erreminta dauden azaldu du; enpresaren kanpora nahiz barrura begirako jardunean erreminta horiek egoki erabiltzen dituzten zenbait adibide eman ditu; eta azkenik, adibide horiek estrapolatuz eta ondorioak atereaz euskara, lan-mundua eta sarea nola lot daitezkeen azaldu du. Ondoren, Jabi Asurmendiren txanda izan da. Bitarlan enpresako gerentea da, Berria egunkariaren Zibergela informatika atala eta blogaren idazlea, Informatika irakaslea Bigarren Hezkuntzan, eta Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Euskaraz lan egin nahi duten enpresen arteko elkarlanaz eta sare-lanaz mintzatu da eta Facebook-en Ziurtagiriaren Elkarteak eta Bitarlan enpresak sortu berri duten Enpresarean taldea aurkeztu du. Azkenik, Funky Projects enpresak dinamika parte-hartzailea eraman du aurrera “dibertsioa eta euskara lan munduan” gaitzat hartuta.
Enpresarean, enpresa euskaldunen topagunea Facebooken
Enpresarean taldea orain dela egun gutxi jaio da Facebooken. Ekimen honen helburua euskaraz lan egiten duten enpresen arteko harremanak sendotzea da eta pixkanaka-pixkanaka elkar ezagutzea. Horrela, elkarlanak edo proiektu handiagoak elkarrekin gauzatu, gastuak partekatu, esperientziak, jakintza, komuneko baliabideak, hornitzaileak edo bezeroak ezagutu. Hau da, euskara enpresa munduan suspertu eta euskarazko enpresen aktibitatea ere sustatu.
Enpresarean taldea Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea eta Bitarlan E.M entitateen ekimena da eta bere helburua da euskaraz lan egin nahi duten enpresen artean eta langile euskaldunen artean elkarlana eta harremanak sustatzea.
Honela, beste bide bat izan daiteke hornitzaile edo bezero euskaldunak ezagutzeko, eta hortik lan berriak ateratzeko. Halaber, arlo bereko euskaraz lan egiten duten beste enpresa edo langile batzuk ezagutzeko eta esperientzia, jakintzak edo baliabideak partekatzeko eta nola ez, elkarlanean proiektuak aurrera eramateko.
Beste helburu bat indarrak batzea da, egun euskaraz ez dauden baliabideak, aplikazio informatikoak esaterako, euskara daitezen eskatzeko. Azken finean errazagoa da elkarrekin eta entitate edo enpresen zenbaki zehatzekin indar egitea, bakoitza bere kabuz baino. Era berean, administrazio publikoek kontratatzen dituzten lan eta baliabideetan zein abiarazten dituzten lehiaketetan ere euskara kontutan hartzeko erabili ahal da.
Eta jakina txoko hau, beste helburuetarako ere aproposa izan daiteke, langile euskaldunak edo lana euskaraz aurkitzeko edo gastuak partekatzeko edo eskaintza hobeagoak elkarrekin lortzeko.
Helburu horiek lagunduko dute Euskal Herriko enpresen arteko harremanak sendotzen eta haien arteko lana zein elkarlana sustatzen egungo muga administratiboak gaindituz eta honela enpresa euskaldunen eta langile euskaldunen ekonomia suspertuz.