Eibarko Udalaren webgune berria
Hainbat hilabeteko lanaren ostean Eibarko Udalaren webgunea estreinatu zen urtearekin batera. Alde teknikotik Ploneren azken bertsioa 4.1.3 darabil eta baita 4.2an etorriko diren aldaketa batzuk ere, hala nola, HTML5en oinarritutako txantilioiak.
Alde grafikotik goitik behera aldatu dugu webgunea, goialdean agertzen diren Eibarko irudiak erabiliz itxura ezberdina emanez. Portada ere aldatu egin da albiste eta agendari indarra emanez eta eguraldia eta bideoak bezalako atal berriak txertatuz.
Webgunean zehar asko erabili dugun beste gauza bat fitxategiak erakusteko Google Docs bisorea izan da, horrela argitalpenak, araudia edo Udal Batzarra eta Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak PDF fitxategietan deskargatzeaz gain webgunean bertan ikusi daitezke bisore baten bidez, inolako gehigarririk instalatu beharrik gabe.
Tramiteei dagokien atalak ere indar berezia du, udalean egin daitezkeen tramiteen katalogo osoa gainbegiratu baita eredu, dokumentu eta formulario guztiak berrituz. Gainera udalaren helburua gero eta tramite gehiago Internet bidez egiteko aukera ematea denez, horretarako ere prestatu dugu webgunea, online tramiteetarako sarrera emanez.
Kanpoko bi aplikazio ere integratu ditugu webgunean: kaletegia eta kontratatzailearen profila. Beste enpresa batek egindako kaletegia integratu dugu, bertan aldaketak egiteko eta informazioa aldatzeko aukera eskaintzen duen formulario bat gehituz; eta kontratatzailearen profilean, Eusko Jaurlaritzaren kontratazio plataformaren edukia integratu dugu, horixe baita udalak kontratu publikoen informazioa emateko erabiltzen duen plataforma. EJIEk bidalitako fitxategietan oinarrituz aldaketa batzuk egin ditugu guztiz integratzeko eta horrela udalak ez du egun duen lan-fluxua aldatu behar: Jaurlaritzaren plataforma erabili, hark betetzen ditu baldintza tekniko guztiak eta guk hango informazioa erakutsi.
Webgune berri eta modernoa, herritarrei zerbitzua hobetzeko asmoarekin!