Egunean Behin², BERrogeialdiko astea
Aste berezia izango da
Ekimen hau egunean behin minutu pare bat euskaraz aritzeko aitzakia emateko asmoz sortu genuen eta, aizu, nolako eragina izan duen euskaldunon mundu txiki honetan. Otsailaren 3tik ia-ia 100.000 pertsonak jokatu duzue. Biba zuek, eskerrik asko!
Bizi dugun egoerarekin, koronabirusa, berrogeialdia, urruntze soziala, ... zer egin behar genuen, denboraldia amaitu eta kitto? 'Agur, hurrengora arte' esan? Ez zitzaigun ganorazkoa iruditzen. Horregatik, aste gehigarri bat abiatuko dugu astelehenean, martxoaren 30ean, aste gehigarri eta berezi bat: Egunean Behin² (ber bi, irakurri), BERrogeialdiko astea.
Ezaugarri eta BERrikuntza hauek izango ditu:
- Astebete luzatuko dugu: martxoaren 30etik, astelehena, apirilaren 5era, igandea.
- Egunero partida bat, betiko dinamikak berdin-berdin jarraituko du.
- Txapelketa egunerokoa izango da, ez astebetekoa. Hau da, sailkapena egunero berrituko da.
- Asteartetik aurrera zuzeneko partida bat jokatuko dugu 19:00etan, bertara sailkatu diren 150 lagunekin.
- Nor sailkatuko da zuzeneko horretara? Bezperako 50 onenak eta zozketa bidez egokitutako 100 pertsona (bezperan jokatu dutenen artean zozketatuko ditugu 100 plaza hauek).
- Jakinarazpena bidaliko diegu zuzenekora sailkatu direnei goizean bertan eta Egunean Behinen lehen pantailan ikusiko dute zuzenekora sartzeko botoia.
- Zuzenekora behin sailkatu bazara, ezingo duzu berriz sailkatu: ahalik eta jende gehienari eman nahi diogu aukera zuzenekoan aritzeko.
- Zuzenekoa Youtube bidez jarraitu ahal izango duzue, Egunean Behin kanalean (harpidetu!).
- Hiru Damatxoko lagunak izango ditugu abentura honetan bidaide, haiek arduratuko dira emanaldiaz.
- Aurkezle lanetan nor ibiliko den... erabakita dago, baina utzi sekreturen bat gordetzen :-)
- Erabiltzaile guztiei jakinarazpena bidaliko dizuegu finala baino minutu batzuk lehenago, Youtubera sartu zaitezen.
Zuzenekoa prestatzen dihardugu interesgarria izan dadin jokatzeko eta ikusteko. 15-30 minutu iraungo du zuzeneko bakoitzak. 20:00etan balkoira joan eta txaloka hasteko denbora izango duzue ;-)
Eskerrik asko esperimentu ausart honetan bidelagun izango ditugun guztiei. Eskerrik asko CodeSyntaxeko lankideei, erronka teknologiko handi honi aurre egitearren. Eta eskerrik asko, nola ez, Laboral Kutxari, Hiru Damatxori eta aurkezleari, pausua gurekin batera ematera ausartzeagatik.
Ez izan zorrotzegiak, arren, eta ez ahaztu Egunean Behin elkarrekin (euskaraz) ondo pasatzeko aitzakiaz sortu genuela.