Egunean Behin: lehenengo denboraldia
Orain artekoa
Egunean Behin publikatu genuenetik 15.000 erabiltzailek jokatu du partidaren bat gurekin; horietatik 10.000 inguruk azken astean, bakoitzak batez beste 5,5 partida. Hori da lehenengo hilabete hauen balorazio datu nagusia, zenbaki borobiletan emanda.
Horrez gain, 600.000 partida, 6 milioi galdera, 4.000 talde martxan.
Asko da? Gutxi da? Gu pozik gaude.
Joerak pozten gaitu, batez ere. Astetik-astera igo da erabiltzaile kopurua eta asko dira ia egunero-egunero partida jokatzen dutenak. Gero eta gehiago dira taldetxo bat sortu dutenak eta batez ere hara begira, bizkotxoa, kafea edo harrikoa jokoan dutelako engantxatu direnak.
Eta pozten gaitu, era berean, neurtzen zailagoak diren beste zenbait kontuk. Jaso dugun mezu andanak, iruzkin eta ekarpen interesgarriak eginez asko, garapen berriak proposatuz, galdera posible berriak planteatuz, zorionak emanez. Babesleek eman diguten erantzun bikainak. Elkarrizketa, erreportaia eta txio mordoxka ere joan dela ikusteak. Denak estimatuak.
Horregatik guztiagatik gaude pozik, uste dugulako lortu dugula neurri batean hasieran esaten genuen bezala egunean minutu pare bat euskaraz jokatzeko aitzakia ematea jendeari. Bere xumean, bada zerbait.
Bitxikeria batzuk
Hona hemen, bitxikeria moduan, zenbait datu kurioso:
- Partidarik onena Mikel Lizarraldek egin zuen martxoan, 10 / 0:21. Bi gerturatu zaizkio geroztik, segundu bakarrera: Ibon eta jortxi.
- Asterik onena Ibon-ek egin zuen apirilean. 591,2 puntu, 9.2 / 0:33 batez beste.
- Uztailak 8ko astean Jumalezo-k eraman zuen saria, baina mozolloker 0,08 puntura geratu zen. Ia-ia.
- Batez besteko partida: 600.000 partidak kontuan hartuta, hauxe da batez besteko emaitza: 6,5 / 01:11.
- Hamarrekoek ematen dute poza. Partiden % 2,4 dira. Poz gutxitxo aukeran.
- Talderik handiena, 102 lagunekoa da, Bedarona, Ea eta Natxitua herrietarako sortua da. Sari propioekin!
Galderak
Galderak dira jokoaren funtsa, jakina. Tribial joko guztietan gertatzen da, galdetzen denaren araberako jokoa lortzen dela. Egunean Behienen, 53.000 galdera pasa daude une honetan, hainbat kategoriatan banatuta.
Nola banatzen dira galderak? Zer zailtasun dute? Hona pista batzuk:
- Koloretako figurak: % 92.7
- Mikroipuina: % 90.0
- Ordenatu eta osatu hitza: % 89.6
- Kontatu: % 87.9
- Taula periodikoa: % 84.5
- Zenbaki erromatarrak: % 83.4
- Hitza asmatu: % 80.8
- Ekuazioak: % 77.1
- Eragiketa matematikoak: % 76.2
- Zein hizkuntza da: % 75.4
- Zatikiak: % 73.4
- Serieak: % 72.0
- Euskal herriak (non dago): % 71.0
- Nor da argazkiko musikaria : % 70.9
- Estatuen mapa: % 69.9
- Zein da hiriburua: % 68.8
- Ibaiak: % 68.3
- Nor da argazkiko kirolaria: % 68.0
- Hiztegi batua: % 66.1
- Euskal Kantak: % 65.0
- Munduko banderak: % 64.9
- Animaliak: % 64.3
- Edozein herriko jaixetan: % 62.6
- Munduko argazkiak: % 61.3
- Nor da?: % 60.8
- GoogleMaps: % 59.8
- Eurovision: % 58.1
- Zenbat urte ditu?: % 57.8
- Zein herri da argazkikoa (Euskal herriak): % 57.5
- Nor da argazkiko aktorea: % 56.2
- Asteko galdera bereziak: % 55.1
- Euskal Herriko mendiak: % 53.7
- Nork irabazi zuen...: % 52.0
- Euskal Herriak (hedadura, biztanleak...): % 50.2
- Nork margotu zuen: % 49.5
- Non jaio zen: % 49.4
- Liburuen idazleak: % 49.0
- Genero aniztasuna: % 44.55
Mota bakoitzaren atzetik datorren ehunekoa, asmatutako ehunekoa. Balio handiagoak galdera-mota errazagoa esan nahi du, beraz.
Geldialdi txiki bat orain eta berrikuntzekin irailean
Honenbestez iritsi gara abuztura eta, pentsatu dugu geldialdi txiki bat egitea. Parentesi txiki bat.
Irailean itzuliko gara, irailaren 16an. Sari berriekin, galdera berriekin, aplikazioaren funtzio berriekin eta baita sorpresa polit batzuekin ere. Egon adi, ez joan urrutira.
Alegia, ez desistalatu aplikazioa ;-)