2023/02/23
Egunean Behin jokoak bere hirugarren hizkuntza-bertsioa estreinatuko du datorren astelehenean, Un Cop Al Dia katalanezko aplikazioa. Azken hilabeteetan Cwis Bob Dydd galesezko bertsioak izandako harrera onaren ondoren, beste urrats bat nazioartekotzean.

Datorren astelehenean, otsailak 27, hasiko da martxan Un Cop Al Dia, Egunean Behin jokoaren katalanezko bertsioa. Hamar asteko probako denboraldi bat izango da, asteko sari xumeekin, baina zenbait iragarle eta erakunde/elkarteren sustapenarekin, denboraldi babesle gisa sari interesgarriak jarri dituelarik Donostia Turismoa bulegoak (katalanentzat ere erakargarria izan daiteke Donostiara etortzea!)

Galesezko Cwis Bob Dydd bertsioak bere lehen denboraldia amaitu eta astebetera hasiko da katalanezkoa. Urrian abiatu zen galesezko jokoa, 12 asterako programatua hasieran, baina martxa hartua zegoela ikusirik, bertako S4C telebistak luzapena enkargatu zuen lau astekoa, eta orain, eten baten ondoren, litekeena da beste denboraldi bat hastea ere. Tinint ekoiztetxe galesarekin lanean ari da jada CodeSyntax horretara begira. Cwis Bob Dydd-en lehen denboraldia 7.000 lagunek hartu dute parte, eta Galesko arduradunek oso positiboki baloratu dute lortutakoa (ikus albistea).

Katalanezko bertsioa CodeSyntax-ek garatu du osoki, galesezkoa ez bezala. Aritz Galarraga Bartzelonan kokatutako idazle eta itzultzailea dugu kolaboratzaile, eta baita aproba gisa babesle lanera gerturatu zaizkigun lehen elkarte eta enpresak. Kataluniako jokoaren berri izateko, @uncopaldia Twitter kontua ere sortu dugu.

Egunean Behin-en mekanika bera du, eta izena ere itzulpen nahiko zehatza da, baina kolorez itxuraldatua dator Un Cop Al Dia. Edukia, %50 inguruan, Herri Katalanetako kultura eta hizkuntzara lotua dago nagusiki.

Un Cop Al Dia instalatu daiteke jada, eta 27an, lehenengo lehia eguna aktibatuko da.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek