2023/04/01
Guuk telekomunikazio enpresak babestutako Egunean Behin jokoaren 11. denboraldia atzo amaitu zen, Euskadiko Parke Teknologikoetako Donostiako Campusean egindako finalean. 120 lagune artean, aretoko zuzeneko partidak erabaki zituen irabazleak. Jokoaren lau urteko ibilbidea ospatzeko modua ere izan zen.

Urtarriletik martxo amaiera honetara garatu den 11. denboraldiak, Guuk izan du babesle nagusi gisa, eta beste etxe hauen laguntza ere izan du:

Amaiera, zuzeneko ebento batekin egin nahi izan genuen, eta denboraldiko lehen 100 sailkatuek tokia zuten bertan. Horietako dexente gerturatu ziren, baina izen-ematearen bidez beste hainbat jokalarik ere bai, 120 lagun elkartu arte.

Hiru txandaren ondoren, finalistak elkartu ziren oholtzan, eta azken txanpa horretan, irabazleak argitu ziren. Erik Gartzia, aurretiazko irabazle bat, izan zen garaile 9 asmakuntzako azken sortarekin (eta ibai urdin-urdinari Ibai Horia eman ziolako ez zuen hamarrekoa egin). Txapuisat erabiltzaile-izenarekin aritu izan da denboraldian Gartzia, eta saria jaso zuen, telebista adimentsu bat, Amaia Begiristain Guuk-eko publizitate eta marka departamentuko ordezkariaren eskutik.

Finala ahalbidetu zuen Miramonen egitea,  Euskadiko Parke Teknologikoetako Donostiako Campusean, Parkeen sareak eta SPRIk, Enpresen Garaprnerako Euskal Agentziak. Hauen ordezkariek eman zituzten 2. eta 3. saria hurrenez hurren, bigarren sailkatu Shanti Arietari (Txantxi Dotore) telefono euskaratu bat Parke Teknologikoen izenean Amaia Bernarasek, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Gerenteak, eta hirugarren Aitor Fernandez de Martikorenari beste telefono bat Izaskun Arriagak, Spri Taldearen izenean Spri Taldeko Euskara Batzordeko ordezkariak.

Finala aurkeztu zuen Kike Amonarrizek. Bere bigarren abizenaren misterioa argitu zigun galderetan, besteak beste. Eta Egunean Behinek lau urte hauetan egindako ibilbidearen laburpen bat ere azaldu zuen. Azken denboraldi honetan, 65.000 erabiltzaile aktibo baino gehiago izan dira... eta guztira, lau urteotan, 208.000 lagunek jokatu izan dutela. Ez sinesteko marka zela esan zuen: "Ikaragarria da, euskarazko kultur kontsumoan egitasmo gutxik lortu du kopuru hori. Zoragarria da, baina ez da normala. Ea lortzen dugun neurri honetako erantzuna egitasmo gehiagok izatea."

Hona irudian, lau urte hauetako mugarri batzuk azalduta.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek