Egunean Behin jokoaren 2019ko finala: gonbidatuentzako ere izango da tokia
Egunean Behin jokoaren finala Kulturaz kooperatibak Azpeitian kudeatzen duen San Agustin kulturgunean izango da, abenduaren 14an, larunbatarekin, 12.00etan. Ordubete inguru iraun dezakeela uste dugu, baina sailkatu eta gonbidatuei eskatuko diegu aldez aurretik iristeko, mesedez, izenak hartu eta aulkietan banatzeko. 150 jokalarirentzako tokia izango da, eta horregatik "numerus clausus" hau egin beharra. Badakigu interesagatik askok etorri nahi zenuketela, baina ezin denontzat tokia egin.
Jatorri eta sexu aniztasuna ere bilatzen dugu finalean, horregatik parametro horiek ere galdetzen ditugu izena-emateko formularioan.
Sari nagusia Gabonetako otar eder bat izango da irabazlearentzat. Eta asteko jokoaren mekanikan bezala, partehartzaileen artean beste saski bat edo beste ere zozketatuko da. Domusa enpresa galdaragileak, Urolako kooperatiba batek, babesten du finala sari hauekin.
Finalaren mekanikan zuzenekoak eta aldiberekotasunak izango du garrantzia: txanda bat baino gehiago izango da, eta jokalari guztiek aldi berean galdera berdinak erantzun beharko dituzte. Aurkezle paregabea izango du finalak, gainera: Kike Amonarriz.
Jokoa ez da etengo finalarekin: hurrengo bi asteetan ere iraungo du asteroko jokoak, babesle eta sariekin. Azken asteetan lortutako erakarpenaren ondorioz, pentsatu dugu ondo egon zitekeela Gabon jaietan ere, behintzat egun batzuetan, jai eta familia giro horretan ere jokatzeko aukera eskaintzea. Beraz, denboraldiko azken astea abenduaren 29an ixten den astean izango da, eta jaiekin zerikusia duten galdera sorta bereziak izango dira. Gero eten bat egingo dugu, eta urtarrilaren 27an itzuliko gara hirugarren denboraldiari ekinez.
Eskerrik asko CodeSyntax enpresaren izenean Egunean Behin jokoan parte hartzen ari zareten guztiei. 40.000 lagun inguru ari dira jokatzen egunero udazkeneko azken egun hauetan. Finala gutxi-batzuentzako izango da bakarrik, eta test bat da guretzat ere, aproba teknologiko bat, baina espero dugu bertako esperientzia, zuzeneko ebentoa, hurrengo denboraldirako aukera posible bat izatea, han-hemenka errepikatzeko modukoa.
Gogoratu, gonbidapena eskatzeko finalerako: https://labur.eus/gonbibehin