Egunean Behin jokoak galesezko bertsioa du orain: Cwis Bob Dydd
Cwis Bob Dydd jokoa CodeSyntaxek garatu du, Tinint ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C eta Galesko Gobernuaren finantziazioarekin.
Aplikazioa duela 10 egun estreinatu zen Apple eta Google Play app dendetan, baina gaur izan du iragarpen ofiziala, S4C telebistaren eskutik. Galeserazko telebistako eduki digitaleko arduradun Rhodri ap Dyfrigek esan du: "Espero dugu euskaraz aplikazioak izan duen arrakastatik ikastea, eta eragin bera edukitzea hemen Galesen". Jeremy Miles gobernu erregionaleko Hezkuntza eta Hizkuntza ministroak esan du, bere aldetik: "Galeseraren erabilera areagotu nahi dugun denen artean, egunero; Cwis Bob Dydd aukera atsegina da horretarako; harro nago proiektu hau bultzatzearekin eta jendea gonbidatzen dut parte hartzera".
Mekanika eta itxuran, Egunean Behinekin alderatuta berdina da Cwis Bob Dydd. Edukietan dagoenez muina, galdera sorta batzuk egokitzapen/lokalizazio erraz samar batekin igaro dira bertsio batetik bestera: eragiketa eta segida matematikoak, adibidez, edo munduko banderak, non estatuen izenen itzulpena egitea izan den koxka; edo kontaketa kontuak (hala nola hor goiko irudikoa, non galderen formulazioa itzuli behar izan den). Beste eduki batzuek egokitzapen gehiago eduki dute, baina parekideak dituzte euskaraz: anagramak (letra nahasietatik hitza asmatu) edo letra-zopak kasu.
Eta noski, Galesko pertsonak, bazterrak eta historiako, kulturako edo hizkuntzako datuak biltzen dituzten galdera sorta espezifikoak daude.
Egunean Behin jokoaren bertsio honen berri emango dugu datorren asteartean, azaroak 15, Bilboko Librecon software libreko biltzarraren baitan. Librecon-en Behin izeneko show-quiz emanaldian (12.00etan Euskalduna JauregikoTalent aretoan), aplikazio eta jokoaren garapena eta historia laburtuko dugu, eta zuzeneko partida batekin, baita elkarrekin jokatu ere (irabazlearentzat, mertxandisin pixkat).