2022/05/11
Hiru urte eta bederatzi denboraldi bete ditu udaberri honetan Egunean Behin joko eta aplikazioak, euskaraz mugikorrerako sortu den denborapasarik arrakastatsuenak. Tokatzen zitzaigun maiatz honetan 10. denboraldi bat egitea, eta babesle komertzialen interesa bagenuen horretarako; baina atseden pixkat luzexeagoa egingo dugu. Berrikuntza teknikoetarako erabiliko dugun eten baten ondoren, irailean itzuliko da Egunean Behin, berriztuta eta itxuraldatuta, 10. denboraldia hamarrekoa izateko intentzio osoarekin.

Denboraldi arteko opor lasaiak hartzeagatik ezaguna egin da Egunean Behin. Oraingoan ere hala izango da, eta pixkat gehiago, irailera arteko atsedena hartuko dugu,  Egunean Behin berriztu eta itxuraldatzeko tartea izateko.

Azken hiru denboraldiak 60.000 lagun baino gehiagoren asteroko partaidetzerakin ospatu ditugu. Hiru kasuetan, telebista bidezko final kolektibo batekin amaitu genuen, eta programa horiek ere primeran irten ziren, teknikoki eta audientziaren aldetik. Jendaurreko zuzenekoak  berriz egiteko aukera ere izan genuen, Korrika amaierako jokaldiarekin, eta hori ere biribil irten zen. Hortaz, maiatz honetan 10. denboraldia hasteko moduan geunden, izatez, eta deika aritu gara aste hauetan babesletzan interesa erakutsi zuten hainbat iragarleri.

Nolanahi ere, aplikazioak berrikuntza batzuk ere merezi dituela pentsatu dugu, eta denboraldi bateko zurrunbiloan baino, jokoa egiten duen CodeSyntax enpresan erabaki dugu berritze prozesu horretan zentratzea. Kalkulatzen dugu uda bitartean egin ahal izango ditugula berrikuntza horiek Android eta iOS bertsioetan, irailean bueltan egoteko, indarberrituta.

Eskerrik asko zuen babes eta pazientziagatik, laster gara berriro zuen mugikorretan.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek