2025/04/10
57.000 erabiltzaile izan ditu bere 17. denboraldiak Egunean Behin jokoak, aurrekoak baino pixkat gutxiago (2.5000 erabiltzaile gutxiago), baina beste bi aste laburragoa izan da oraingoa aurrekoa baino. Hamar asteko hamarreko bat izan da guretzat, jokoak sei urte bete dituen honetan (joko hau egiten duen enpresak ere izan du urteurrena denboraldi honetan, 25 urte bete ditu CodeSyntaxek). Maiatzean itzuliko da jokoa, Euskaraldiaren hilabetean (eduki dugun denboraldiaren babeslea).

Denboraldiko irabazleak Esther (Gasteizkoa), Bortuko Manexa (Uztarrozekoa) eta hirugarren Pottoka (Oiartzungoa) izan dira. Telebista adimentsua jasoko du lehenak, eta Android euskaratua duen telefono bana bigarrenak eta hirugarrenak. Beste bi jokalarik zozketa bidez haririk gabeko aurikularrak jasoko dituzte (Myriam eta Bartu). Sariak eskaini ditu, Euskaraldiaren izenean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Denboraldi honetan 57.000 lagun aritu dira jokatzen eta guztira 2,4 milioi partida jokatu dira. Babesle nagusia Euskaraldia izan da eta asteko babesleen artean Euskaber (baserriko zuen arrautzak), TAUPA Mugimendua, TOKIKOM (Euskal Hedabideen Elkartea), Koparia (Merchandising eta opari promozionalak), SPRI Taldea, Goa!zen telesailaren aldizkari ofiziala, Tagzania eta CodeSyntax izan ditugu.

Hurrengo denboraldia, jokoaren 18.a, maiatzean aktibatuko da. Ahal dela, Maiatzaren Leheneko zubia igaro ondoren nahi genuke. Edozelan ere, Euskaraldia denerako (maiatzaren 15etik 25era) egongo da jokoa martxan, seguru.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek