Datsegit, sareko euskarazko hitz-joko eta memeen biltegia
Joko desberdin eta anitzak egin ahal izango dira Datsegit-en. Eta software plataforma libre batek bilduko ditu (kodea irekia da); zeinak webgune publiko bat ere izango duen (Datsegit.com). Jokoa zentzu zabalean ulertzen dugu Datsegit-en: ez da horrenbeste lehia bat, baizik eta meme euskaldun baten inguruan jardutea, eta horrekin batera, bilduma bat egitea gogoangarri izan daitezkeen elementuekin (txioak haizeak daramatza, eta horregatik interesgarria izan daiteke gauza batzuei etxe egonkorrago bat ematea).
Lau ekimen edo jokorekin hasten da Datsegit:
Lehenak, aurrekariak ditu sarean. Hitzokei definizio jokoa Markos Gimenok asmatu zuen Twitterrerako. Julen Ruizek sortu zuen ondoren, haiek sarean biltzeko tresna eta webgunea. Hitzokei.tximinia.net webgunea da aintzindari, euskarazko meme baten inguruan sortutako lehen webgunea da hura beraz, eta han askoz definizio gehiago aurkituko dituzu, Datsegit-eko bilduman baino.
Haika eta Mikroipuina, berriz, antzeko joko edo meme-ak dira: labur-labur aforismo edo mikro-errelato bat sortzeko ahaleginak. Haikak Josemari Lasa irakasleak asmatu zituen, baina jende gehiago ere sortzen ditu orain. Esaldi bitxi hauen kasuan, ipuin edo haikaren lehen hitzaren arabera ere biltzen ditugu berbak. Adibidez, bazen...
Zazpikiak, berriz, euskaraz oker idatzitako errotulo eta idazki publikoak. ETBko Mihiluze programan asmatu zuten izen hau, baina lehenagotik ere bueltaka dabiltza Interneten eta euskaldunen arteko txantxa eta, beharbada, negarraldietan. Kasu honetan, bilduman, argazkia gorde eta erakusteari ematen diogu garrantzia, jendeak beste nonbait harrapatzen duen irudietan egoten baita delako zazpiki oker hori.
Era bateko edo besteko jokoetan parte hartzeko, sintaxi bat jarraitu behar da. Adibidez, txioak ezin du beste @erabiltzaile izenik aipatu bere baitan, eta zehatza izan behar da traola: #zazpiki traolarekin harrapatuko du makinak, ez #zazpikiak pluralez jarrita.
Datsegit-eko garapena software librea da, Python programazio lengoaian eta Django aplikazio ingurunean dago garatua. Github biltegiaren bidez eskura daiteke, bi modulotan, web interfazeari dagokiona eta Twitterreko traolen eta txioen analisirako moduloa.
Espero dugu joko hauez gain, beste batzuk ere martxan jartzea laster.