CodeSyntax LibreCon 2014 konferentzian, kronika
Iragarri genuen moduan, pasa den astean Bilboko Euskaldunan izan ginen LibreCon 2014 topaketan parte-hartzen. Topaketaren balorazio orokorra egin dugu jada, eta ez nator hangoa hemen errepikatzera. Lerro hauekin gure enpresak eduki duen parte-hartze zehatza zerrendatzea beste asmorik ez dugu.
Open Living Lab Eibar: software librearen filosofian oinarrituriko living lab kasu erreala
Ez gara oso zaleak izaten amaitu gabe dauden proiektuak iragartzeko, baina LibreConen parada aprobetxatu nahi izan genuen esperientzia honen berri emateko. Eibarko udaleko Mari Jose Telleriaren sarreraren ostean Josu Azpillaga lankideak proiektuaren nondik norakoa azaldu zuen.
Open Living Lab Eibarren Zermik eta Tekniker enpresekin elkarlanean gabiltza smart cities proiektuetan abian jartzen diren hainbat eszenategiren probak egiten. Funtsean, hainbat neurketa egingo dituen sentsoreak jarriko ditugu herrian zehar, eta datuak modu irekian eskainiko ditugu API bati esker, horiekin edozein aplikazio sortu dadin.
Free software for languages big and small: multilingual openness
Akaso ez duzu sekula entzun nola sortu zen CodeSyntax, baina hitzaldi honen oinarrian istorio hori dago. Eleaniztasun lokaletik globalera. Software librearen alde egin beharreko derrigorrezko apustua.
Luistxo Fernandezek eman zuen hitzaldia eta berak sarri aipatu ohi duen moduan menua eta janaria bereiztu zituen Twitter bezalako interneteko proiektuetan: interfazea eta jendearen mezuak.
Tribual: datu libreetan oinarritutako aplikazioa
ESLEren txokoan hitz egin zuen Aitzol Naberanek etxe honetan sorturiko lehen Android aplikazioari buruz. Jakingo duzuen moduan Tribual galdera-erantzunen joko bat da, mekanika itsaskorra duena. Aitzolek ez zigun hitz egin app-aren garapenaz, galdera-sorkuntza prozesuan egiten dugun datu libreen erabilpenaz baizik.
CodeSyntax-en stand-a eta Eneko Astigarraga
Goian aipaturiko lankideak hizlari egon ziren bitartean, beste batzuk gure stand-ean egon ginen bertaratzen zitzaizkigunekin hitz egiten. Aspaldiko urteetan aurrenekoz egon gara azoka batean gure espazio propioarekin, eta asko ikasteko aukera izan dugu.
Stand-ean geundenok geldi xamar egon garen bitartean, gure lankide Eneko batetik bestera ibili behar izan zen ESLEko presidente gixa. Antolakuntzan parte-hartze aktiboa izan du Enekok eta topaketan bertan hainbat zeregin izan zituen agerikoak direnetaz gain: irekiera, harrera, hitzaldiak eta abar.
Amaitzeko, komunikabideetan oihartzun handia izan du LibreConek. Hainbat egunkaritan agertu da Eneko, konferentziaren aurretik eta ondoren. ETBko Azpimarra saiora Enekoz gain Josu Azpillaga ere joan zen. Hemen grabazioa: