CodeSyntax eta Akting-en esperientzia, EBEuskadin
Geure enpresa Akting baino lehenagokoa izanda, paralelismoak markatu ziren Joxe Aranzabalek moderatutako elkarrizketan. Lantalde euskalduna, produktu propioak euskaraz, eta baita bezeroentzat (baina ez bakarrik bezero euskaldunak, jakina), eta oro har euskaraz lan egitea ezeren eragozpen izan barik, eleaniztasuna abantaila bat delako sentsazio garbia transmititu genuen neuk eta Guarretxenak (edo horixe iruditzen zait neuri). Hitz egin genuen bitartean, diapo hauek pasatu zituen Joxek.
Presentazio horretan ez da ikusten, baina Akting-ekoek bideo hau ere erakutsi zuten. Egiten duten English Thursday esperientziak ere interesa erakarri zuen.
Neure aldetik, hizketaldian nabarmendu nuen kontutxo bat ekarri nahi nuke: Umap bezalako gauza bat egin genuenean, Twitterreko euskarazko jario guztia biltzeko robot bat, ez genuen euskara ikasi; baina Twitterreko denbora errealeko APIaz informazio jario etengabe bat nola kudeatu, inteligentzia kolektiboaren seinaleak nola detektatu eta zentzuzko edukietan eraldatu... Horretaz bai, horretaz dexente ikasi genuen. Euskararentzako lan egin, beste inork ez baitu sortuko euskaldunon ordez, eta lan hori egiten duzun bitartean, IKT ikasi, beste produktu batzuetan lantzeko.
Ildo horretatik, Umap-ekin ikasitakoak Twitterrekin zerikusia duten beste produkturen batzuetan gauzatua ikusiko dugu laster. Adi albisteei.
Eskerrik asko EBE eta EBEuskadi, negozio digitalak euskaraz nola egiten ditugun azaltzeko aukera emateagatik.