Bisualizazio infografikoak, Interneten komunikatzeko: Nestoriaren kasua
Bezero batentzat halako bisualizazio sorta bat egiteko lana hartuko dugu CodeSyntax-en. Nestoria etxe-bilatzailea, Javier Etxebeste enpresari euskaldunak Londrestik gidatzen duen enpresa. Nestoria Data deritzo proiektuari.
Lehen datu bisualizaziorako, azaroaren 20ko hauteskundeen datuak hartu genituen, Nestoriaren APIak ematen dituen datuen argitan ze zentzu ateratzen genion ikusteko. Madrilen egin genuen datu erkaketa, eta datu argi samar bat nabaritu dugu: PP eta PSOEren arteko aldea (beti PPren alde), handiagoa da auzorik garestienetan; ikaragarri handia ere bai Madril garestienean, 50 puntu portzentualeko abantaila.
Eta horrekin batera, Madrilgo hirugarren indar politikoaren erregulartasuna: bariazio txikiena distrito batetik bestera, UPyD-k du, oso ehuneko gutxitan bereizten da bere aldekotasuna (%10aren ingurukoa), eta gainera independentea da beste faktoreetatik, berdin dio auzoa aberatsa ala pobreagoa den. Hortik atera dugu ondorioa, Madrilen bederen, alderdi ez-klasista dela UPyD.
Goitik beherako bisualizazio handi batena integratu ditugu koadro horiek. Hemen duzue osorik. CodeSyntax-eko diseinatzaile Maite Rementeriak egin du lan grafikoa.
Era honetako gehiago ikusteko, Pinterest gunean aukera politak daude, eta webgune espezifiko bat ere badago, Visual.ly, honelakoak partekatzera zuzendua. Nestoriak ere sortuko ditu gehiago, gure laguntzarekin, ez bakarrik Espainian, baita nazioarteko bere beste merkatuetan.