Bikain ziurtagiria jaso du CodeSyntaxek
Euskararen Kalitate Ziurtagiria da Bikain, eta Eusko Jaurlaritzak ematen du, Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren eta Euskalit agentzia publikoaren bidez. Ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.
2022ko ekitaldian zenbait astetan egon zen CodeSyntax ebaluazio prozesuan. Ebaluatzaile gisa ere parte hartu genuen beste erakunde batzuk aztertzen, eta entitate horietako ebaluatzaileak ere izan zuren gure lantokian, lankideekin elkarrizketak eginez, eta gure dokumentazio eta jarduna aztertzen. Ondorioz, Zilarrezko Bikain maila erdietsi genuen. Erronka planteatzen zaigu, noski, hurrengo batean Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko.
Ekitaldi publikoa izan zen atzo, abenduak 13, ziurtagiriak banatzeko, Donostiako Kursaalean. Agiria gure lankide Zaloa Etxanizek jaso zuen, eta beste 27 erakunde ere izan ziren oholtzan, horien artean CodeSyntax-en bezero diren Eibarko Udala, Usurbilgo Udala, Vicomtech Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Euskal Irrati Telebista edo Kulturaz kooperatiba.
Hemen aipamena eta sarituen zerrenda osoa.