Biba Egunean Behin saio berezia: aplikazioko jokoa telebistako zuzeneko lehiaketa bihurturik
Bihar osteguna, uztailak 15, izango da Biba Egunean Behin telebista saio zuzenekoa ETB1en: Egunean Behin jokoaren 7. denboraldiaren itxiera izango da, prorroga baten gisa, eta etxetik parte hartu ahal izango da, denok batera, galdera berdinekin jokatuko diren txandetan, 1.000 eta 2.000 euroko sarien bila. Konektatu ostegunean ETB1era 21.15etan, eskuetan mugikorra duzuela!
Biba Zuek arratsaldeko magazineko aurkezle eta lantaldeak landu du telebista programa, baina berezia ez da beren ohiko ordutegian izango, primetimean baizik. Aurkezle izango dira Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia, eta gonbidatuak izango dituzte platoan.
Gonbidatuen jokoa etxean jokatzen duzuenokin sinkronizatuko da. CodeSyntax-ek (Egunean Behin aplikazioaren sortzaileak) eta New Media ekoiztetxeak lanean jardun dute azken asteotan, telebistako emanaldia eta etxean bakoitzak telefonoan izango duen esperientzia aldi berekoa eta entrenigarria izan dadin. Sailkapen pantailak, batez-bestekoak, gonbidatuen emaitzak, erantzunen errepasoa portzentaiekin... Guztia milaka lagunen aldi bereko konexioarekin posible izan dadin, milaka "robot" birtual aritu dira entseguetan... Guztiarekin, osteguneko saioak ez du aurre-grabaketarik: zuzenean izango da, eta etxetik mugikorrarekin jokatu ahal izango da. Irabazleak ere ikusleen artean izango zaretela uste dugu (gonbidatuak gutxietsi gabe, estatistikoki zaila dirudi platokoak gertatzea lehen postuan artean).
Gonbidatuak hiru bikote izango dira, baina jokalari baten rolean mugikor bakarrarekin jokatuko dute. Atril batean binaka jartzeko, Covid garai honetako protokoloak eskatzen du elkarrekin bizi direla, eta halaxe osatu dira bikoteak. Bikote gonbidatuak Antton Tellleria eta Ainhoa Vitoria Gazteako kazetariak; Mikel eta Klaudia Perez anai-arrebak (Mikel Perez iazko El Conquis lehiaketako irabazlea da), eta Arria V (Xabier Orbegozo aizkolaria) eta Oihane Mateos ETBko kazetaria.
Hiru bikote hauekin, eta etxetik konektatzen zaretenokin, hiru txanda jokatuko dira, 10 galderakoak. Lehenengoan 100 puntu jokatuko dira, bigarrenean 200 eta hirugarrenean 300. Atzeratuz gero hasieran, lasai, errekuperatzeko aukera dago. Txanda hauen amaieran, 20 onenak final handira igaroko dira. Sailkatzen ez zaretenon artean... orduan egingo da zozketako sariaren banaketa (1.000 euroko bidaia paketea).
Azken txanpa, berriz, jokatuko dute aipaturiko 20 onenek, eta platoan batuko zaien 21. jokalariak. Hain zuzen ere Egunean Behineko 7. denboraldiaren irabazle suertatu den Jon Iraola eta bere neskalaguna Leire Arrizabalaga batuko dira orduan final handi horretara. 21 lagunen arteko txanda hau berdinduta hasiko dute denek, di-da, 10 galderako azken sorta bakarrak erabakiko du gauza (etxean zaudetenok ere aktibo izango duzue partida mugikorrean, entrenetitzeko nahi baduzue, baina ez zarete azken finaleko sailkapenean sartuko). Finalista hauen artean onenak 2.000 euroko bidaia paketea irabaziko du.
EITB izan da Egunean Behineko 7. denboraldiaren babesle komertzial nagusia (asteroko gainerakoekin, jakina: Arnasa Gara, Donostia Turismoa, MUko Goi Eskola Polteknikoa, Txalaparta argitaletxea, Ekolurra, Finantzaz Haratago eta KOT arropak), eta horrek bide eman zigun, hilabete hauetako jardunean, EITBLab delako ideia berrien laborategiaren bitartez, kolaborazio asmoa lantzeko. EITBLabetik etorri zen proposamena zuzeneko bat Biba Zuek-ekin batera lantzekoa eta horretara dedikatu gara azken egunetan. Orain geratzen da ostegunean zuzenekoen jainkoek dena entseguetan bezain ondo egiten uztea.