Berrikuntzak eta funtzionalitate berriak Mendiak.eus webgunean eta Mendiak APP mugikorreko aplikazioan
2016ko udazkenean sortu genuen Mendiak webgunea eta APPa, Euskal Herriko mendien datu-basea. Euskal Herriko 2.000 mendi ingururen informazio osatua ematen du eta, gainera, mendizaleei tresna erabilterraz bat eskaintzen die euren igoerak markatzeko eta lagunen artean partekatzeko.
Aplikazioa euskaraz dago eta Androiderako zein iPhonerako dago garatuta.
2019ko estatistikak
Arrakasta handia lortu zuen hasieratik, eta bere garaian deskarga gehien lortu zituen aplikazioen artean egon zen. Harrezkero hazten eta zabaltzen jarraitu du (albistegi honetan aurreratzen joan garen bezala, 2019ko albiste honetan, esate baterako), erabiltzaileen iradokizunak jasoz eta estrategikoak diren eguneratzeak eta hobekuntzak eginez. Une honetan 20.000 deskargatik gora ditu (azken urtean ia 4000 deskarga berri) eta erabilerak ere gora egin du:
- 25.000 igoera baino gehiago markatu dira appean.
- Azken asteotan inoiz baino gehiago (200-300 igoera astebururo).
- Eta 150-200 argazki berri astero.
2019ko berrikuntzak
Azken hilabeteotan ere, aplikazioa berritzen jarraitu dugu, orain arteko funtzionalitateak hobetuz eta funtzionalitate berriak gehituz.
- Mapa Layer berriak aplikatu dizkiogu, OSMko mapa berriak erabilita, APPean zein Mendiak webgunean. Horrela, mapen karga eta abiadura hobetu dugu eta mapen edizioa moldagarriagoa bihurtu da, alderdi grafikotik ere hobetuz.
- Mapa Layer horiekin Trackak marrazteko aukera ere hobetu dugu, mendi-bideak ere bistaratuz, eta erabiltzaileentzat mapa erabilgarriagoak eginez, informazio osatuagoa dutenak.
- Mendien fitxa berriak eta informazio zabalagoa. Eduki aldetik ere lan handia egin da azken hilabeteotan. 125 track berri gehitu dira datu-basera (mendirik garrantzitsuenetan), eta 500 mendi berri gehitu dira datu-basera. Gainera, mendi ezagun eta igoenen kasuan, informazio praktikoa ere editatu eta zabaldu da.
- Aplikazioaren alderdi ludiko eta soziala ere garrantzitsua izan da beti guretzat, eta aurten urrats gehiago eman dira zentzu horretan. Igoera bista propioak sortu dira, igoerei atsegiteak emateko eta iruzkinak egiteko sistema garatu da, erabiltzaile bistan eguneraketak egin dira... Azken batean, aplikazioaren alderdi sozial hori indartzea izan da azken asteotako helburu nagusietako bat. Honi guztiari esker, igoerak partekatzeaz gain, estekatu egin ahalko dira eta jakinarazpenak ere mendizale baten igoera jakin batera bideratu ahal izango dira.
- Erronka berriak gehitu ditugu dominen atalean. Mendizaletasuna bultzatze aldera, mendizaleei erronka txikiak proposatzen dizkiegu. 2019an zehar 10 erronka berri gehitu ditugu Mendiak-era, eta erronka horiek gainditu ahala domina birtualak irabaziko ditu mendizaleak. Tresna hau, batez ere, familientzat eta mendizale gaztetxoentzat dago pentsatuta.