2022/12/12
Iaz garatu genuen Appa hi! aplikazioa Badihardugu Euskara elkartearekin elkarlanean. Oñatiko udalarekin hasitako proiektu bati esker, proiektu interesgarria aurkeztu zigun Badihardugu elkarteak eta CodeSyntaxen saiatu ginen gure ikuspegi teknikoa ematen, ahalik eta aplikazio arin eta erabilgarriena izan dadin. Oraingo honetan Euskara Batuko ikasgaiak aurkeztu ditugu Durangoko Azoka aprobetxatuta, eta tresna prest daukagu datozen hilabeteetan beste herri batzuetako formak eta ariketak ere gehitu ahal izateko.

Hitanoa, alokutiboa, toka, noka... Badakizu zer diren? Berdin da! Oraintxe daukazu aukera hori guztia oso modu errazean praktikatzeko eta ikasteko, Appahi! aplikazioarekin, baita hutsetik hasita ere. 5 astean, zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak eskainiko dizkizugu eta, galdera-erantzun bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango duzu.

Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Bai, 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, zuzen asmatu beharreko partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango duzu. Fin-fin aritzen bazara, 5 astean lortuko duzu atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea.

Hizkuntzaren alderdi bat praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, baina lasai, betiere alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkeztuko dizkizugu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere.

Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

IMG-20221207-WA0005.jpg

Une honetan aplikazioak 2 bertsio ditu (ezarpenetatik kontrolatzen direnak): Euskara Batuko hitanoa ikastekoa eta Oñatiko hitanoa ikastekoa. Datozen hilabeteotan beste herri batzuetako bertsioak argitaratzeko asmotan ere bagara. Zure herrikoa gehitzea interesatzen bazaizu, jarri gurekin harremanetan.

Aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du, CodeSyntaxen laguntza eta garapen teknikoarekin. Aplikazioko testuak eta galderak Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak atondu dituzte eta irudiak Mirari Sagarzazurenak dira. euskara Batuko ataleko audioak, berriz, Ritxi Lizartzarenak, bertsio honetan laguntzaile eta aholkulari izan dena. Audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektukoak dira.

Aplikazioaren lehenengo bertsioa Oñatiko Udalaren babesarekin egin zen 2021. urtean, Oñatiko hitanoa biziberritzeko Ingo xonau! proiektuaren barruan. Egitasmoak, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jaso du.

appahi.png

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek