Agur Internet Explorer 6 eta 7
Gaur bertan artikulu interesgarri bat irakurri dut: HTML5 Boilerplatek ere Internet Explorer 6 eta 7 bertsioei soportea emateari utzi diola.
Gu ere bide honetatik goaz eta bezeroei hau azaldu beharko diegu hemendik aurrera.
Hasi berri dugun 2013 urte honetan diseinatzaileok erronka gogorra daukagu proposatzen ditugun diseinuak egungo plataforma guztietan kalitatez eskaintzen. Testeatu beharreko plataforma, nabigatzaile, erresoluzio eta abarrak gero eta ugariagoak dira eta horren bizkor doan mundu honetan ezin gara hilzorian dauden nabigatzaileen bertsioekin denbora galtzen ibili.
Are gehiago esango nuke, askotan bezeroak emaitza berdina ikusi nahi izan duenez nabigatzaile hauetan, baliabide berri batzuei uko egin behar izan diegu bai html kodean eta baita estilo orrietan ere.
Erabaki guzti hauek estatistikei begira hartzen dira noski. Izugarria da, eta garatzaileontzat beldurgarria, estatistikak ze abiaduran aldatzen ari diren ikustea. Webguneak mugikorretik ikusten dira gero eta gehiago. Beldurgarria diot baina aldi berean hain da interesgarria!
Erronka berriek mantentzen dute gure motibazioa eta hemen jarraitzen dugu honena eskaini asmoz.
Oraingo honetan agur esango diogu Internet Explorer 6 eta 7ari. Plazer bat izan da ;P