Adagio ekimenari esker, adimen artifizialarekin (AA) sortutako galderak integratu ditugu Egunean Behin-en
Adagio I+G proiektu bat da, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren barruan garatzen ari dena. Adagioko partzuergoa osatzen dugu geuk, Egunean Behinen sortzaile CodeSyntax-ek, eta LKS Next, Athlon, Krean, Ondoan eta SS4C-ek. Adagioren koordinatzaile zientifiko-teknologikoa eta proiektuan erabiltzen diren adimen artifizialeko (AA) tresnen garatzaile nagusia Vicomtech ikerketa zentroa da.
Zera da garatu dena: euskarazko testuak aztertuz, galdera-erantzunak Egunean Behin-erako formatuan sortzeko sistema bat. Elikadura gisa ematen zaion testuan oinarritutako galdera-erantzunak dira, zuzena zein den zehaztuz, eta oker parea ere eskainiz (jokoaren datubaseak eta mekanikak hori behar baitu). Llama3 hizkuntza eredua, Meta enpresarena, eta Vicomtechen beste teknologia batzuk erabili dira sistemaren oinarria eratzeko.
Lehen aproba bezala, Wikipediako ausazko ehundaka orri arakatu dira, eta bakoitzetik 5 galdera atera, bakoitzak behar dituen 3 erantzunekin (2 okerrak). Milaka galdera eskuratu ziren horrela, eta multzo horretan, 250 bat galdera araztu dira, pertsonek orrazketa eta gainbegiraketa eginez.
Giza-gainbegiraketa inportantea da adimen artifizial sortzaileko sistemetan, erroreak gertatzen baitira. Sistemak sortutako lehen multzoan emaitzak oro har fidagarriak dira, baina berrikuspena ezinbestekoa izan da. Aukeratatuko Wikipediako testu-orriak ere ausazkoak izan dira, eta gai batzuk baziren jakintza orokorrekoak, eta beste batzuk nahiko esoterikoak suertatu dira. Orrazketa eskatzen zuen horrek beraz.
Gainbegiraketan pertsonak aritzea lana da, baina AA egoki batek galdera-erantzunen sorkuntza masiboan denboran aurreztea ekartzen digula ikusi dugu. Egunean Behin-en funtsetako bat da milaka galdera behar direla, jokalari bakoitzak egunero sorta desberdinak jaso ditzan, eta estrategia informatiko desberdinen bidez sortu izan ditugu orain arte. Adagio bezalako AA sistema batek aurrerapena dakarkigu beharrezko edukiak sortzeko orduan.
Wikipediako edukiekin kontzeptu-proba hau egin ondoren, segituko dugu Egunean Behin-erako galdera-erantzun eduki gehiago sortzen AA bitartez.
Adagioren inguruan gehiago jakiteko, hemen.