A/B testak, frogatu zure iritzia balekoa den edo ez
Ia dena neurtu dezakegu Interneten. Papera, irratia edota telebistaren aldean zehazki jakin dezakegu benetan zein den gure audientzia. Baina benetako audientzia-datuak eskuratzeaz gain, badaude egin daitezkeen beste neurketa interesgarri batzuk, etengabe hobetzen joateko balio digutenak: A/B testak.
Zer dira A/B testak?
Elementu baten bi aukera, edo bertsio, aztertzeko metodo bat da, bietan arrakasta gehien zeinek duen erabakitzeko.
Neurtu dezakeguna zehaztu aurretik, "arrakasta" hori zer izan daitekeen definitu dezagun:
- Epostaz bidaltzen dugun buletina gehiago irekitzea
- Gure albistegiak harpidedun gehiago lortzea
- Gure online dendak konbertsio ratio handiagoa lortzea
- Gure edukiek klik gehiago edukitzea
- ...
Erabiltzaile batzuei A aukera erakusten zaie, eta beste batzuei B aukera. Ausaz ematen zaio erabiltzaile bati A edo B aukera. Denbora-epe jakin bat iragan ostean testa amaitu eta emaitza aztertzen dan, hortik aurrera aukera hori hobesteko bertsio on bezala. A/B testei esker irakurle, harpidedun, salmenta eta abar gehiago lortu ditzakegu.
Hartu ditzagun erabakiak datuetan oinarrituz, eta ez gure usteetan.
Zer neurtu dezakegu?
Hainbat elementu neurtu ditzakegu. Dena den, lehen pausua hobetzea nahi dugun helburua zehaztea da, hau da, goian aipatu ditugun horiek: eposta gehiago irekitzea, harpidedun kopurua handitzea, dendaren konbertsio-ratioa handitzea eta abar.
Eposta buletin baten kasuan ondorengoan neurtu ditzakegu:
- Mezuaren goiburua: bi esaldi desberdin probatu, eta ea zeinek duen irekiera-ratio handiagoa
- Mezuaren bidaltzailea: zeinek edukiko du irekiera-tasa handiagoa, "CodeSyntax" bidaltzaileak edota "Mikel Lizarralde, CodeSyntax"-ek? Probatu dezagun.
- Edukia bera: zein eduki-motak lortzen du klik gehien, irudi handi-handiak dituenak edota irudi txikiak dituenak?
Webgune batek elementu hauek frogatu ditzake, adibidez, erosketa-ratioa handitzeko, harpidedun gehiago lortzeko eta abar:
- Orri zehatz baten egitura edota diseinua.
- Erosketa botoien kolorea, tamaina, testua eta abar.
- Albiste edota edukien izenburuak, ikusteko ea zeinek eskuratzen duen klik gehiago albistegi baten portadan, adibidez.
- Harpidetza-prozesua: hala nola harpidetza-gonbita egiten duen elementua (testu bat eta botoia estekarekin) edota formularioa.
- Sare sozialetan jarraitzeko edota partekatzeko botoiak.
- ...
Denda fisikoetan ere egin daitezke A/B testak, ingelesezko podcast honetan kontatzen duten moduan.
Adibide praktiko bat: gure eposta buletina
Azaroko eposta buletina prestatzen genbiltzala ez ginen ados jartzen mezuaren goiburuarekin. Sesioan hasi beharrean A/B test bat egin genuen. Eposta bidalketa erreminta onek eskaintzen dituzte A/B testak modu automatikoan egiteko aukera (Campaign Monitor, Mailchimp, ...).
Horrela, mezuaren bi goiburu definitu genituen:
- A: Erronkak enpresa eta hedabideentzat
- B: Webgune eleanitzak: nola kudeatu
Ondoren, testa zenbat erabiltzailerekin egingo dugun aukeratu genuen. Gure kasuan harpidedun kopuruaren %20a aukeratu genuen. Bidalketa erremintak ausaz aukeratzen ditu, laginaren erdiari A bertsioa bidaltzen dio eta beste erdiari B bertsioa. 16 orduko epemuga aukeratu genuen. Epe hori amaitzean, irekiera tasa handiena zuen bertsioa bidali zien erremintak automatikoki gainerako harpidedunen %80ari.
A/B testei esker, akabo ika-mikak, egin probak, neurtu eta hartu erabakia.
Webguneetan ere bai
Froga hauek webguneetan ere egin daitezke. Webgune batean elementuen diseinua, zein hitz erabili edo zein ordenatan ateratzeko zalantzak ditugunean, A/B test bat egin daiteke. Modu berdinean, helburu neurgarri bat definitu, bi aukerak programatu eta horrela jakin dezakegu Google Analytics bezalako tresnak erabiliz zein aukerak izan duen emaitza hobea.
Zure webgunea hobetzeko A/B testak egitea nahi baduzu jarri gurekin harremanetan.