2024/12/16
Azaroaren 25etik abenduaren 1era Brasilgo hiriburu Brasilian izan gara 2024 urteko Plone Konferentzian parte hartzen. Hemen duzue han ikusitakoaren laburpen bat.

State Of Plone hitzaldia Iaz guk antolatu ostean, Brasilgo Plone eta python komunitatea arduratu da 2024ko Plone Konferentzia antolatzeaz eta bertan izan da Lur Ibargutxi eta Mikel Larreategik osatutako gure ordezkaritza.

Azken urteetan ohiko bihurtu den egitura jarraitu zuen konferentziak: ikastaroak lehenengo bi egunetan, hitzaldiak hurrengo hiruretan, eta garapen sprinta asteburuan.

Lehenengo ikastarotik hasita volto-light-theme eta Volton webguneari itxura emateko modu berriak lantzearen inguruko konferentzia izango zela garbi geratu zen. Volto da Plone 6k ekarri zuen berritasunetako bat: JavaScripten (Reacten zehazki) idatzitako frontend bat. Honekin, Plonek orain arte izan duen kapa publikoa ordeztea lortu da, guztia JavaScript eta REST API indartsu baten laguntzarekin.

Hitzaldi eta mahainguru interesgarriak, tartean CodeSyntax taldeak emandako hiru.

Lehenengo egunean volto-light-themek eskaintzen dituen pertsonzalizazio aukerak eta berarekin egin daitezkeen garapenak ikasi genituen. CodeSyntaxen hiru proiektutan erabili dugu jada Ploneri itxura emateko aukera berri hau itlent eta Baietz 312 mendi proiektuen webguneetan hain zuzen ere eta beste bat dugu jada garapenean.

Bigarren egunean Ploneren garapen eta zerbitzarietako argitaraketa egiteko gomendatutako modu berriaren inguruko ikastaroan hartu genuen parte. Bertan, cookieplone deritzan tresna aurkeztu zuten, Plone proiektu baten hasierako beharrezko egitura guztia sortzen du tresna honek eta Plonerekin egindako webgune bat argitaratzerako orduan kontuan izan beharreko hainbat jarraibide ere ematen ditu, hala nola, Docker irudi optimizatuak sortzeko jarraibideak. Gure azken proiektuetan, egitura berri hau erabiltzen ari gara jada, eta gure hainbat bezeroren webguneak jada egitura berri honekin argitaratu ditugu.

Ohi bezala, konferentzia State Of Plone hitzaldiarekin hasi zen, bertan azken urteko berritasunak eta etorkizunera begirako lan ildoak zehaztu zituzten Ploneren argitaraketaren arduradunek, Maurits van Rees, Victor Fernandez de Alba eta Timo Stollenwerkek. Gainontzeko hitzaldiei dagokionez, hainbat eta hainbat erabilpen-kasu, produktu interesgarri eta jardunbide egokien adibide asko ikusi genituen. Gure eguneroko proiektuetarako erabilgarri izango zaizkigun hainbat eta hainbat ohar hartu genituen.

Guk ere 3 hitzaldi eman genituen konferentzian zehar. Lehenengoan, "How (and why) we keep doing Plone Classic" izenekoan, Voltoz gain Ploneri itxura emateko dagoen ohiko moduaren inguruko hitzaldia eman genuen, horretarako gure arrazoiak eta lan egiteko moduak azalduz. Bigarrenean, "Multilingual Plone & Volto" izenekoan, Plonek eta Voltok eskaintzen dituzten eleaniztasun aukerak eta bakoitza erabiltzeko aldeko eta aurkako argudioak eman genituen. Hirugarrenean, Baietz 312 Mendi proiektuaren inguruak azaldu genituen "Helping a 100 year organization with its web presence" izeneko hitzaldian.

Plone sprint-ak: elkarren artean garatzen

Garapen sprintei dagokionez, larunbatean bi arlotan jardun genuen: batetik konferentzian zehar volto-light-theme produktuaren inguruan ikusitakoetan sakontzen, eta bestetik Ploneren eleaniztasunaren inguruko hobekuntzak egiten kanpoko itzulpen automatikorako motoreak txertatzeko aukerak zabaltzeko.

Plone Sprint bat Plone komunitatearen ohiko lan-topaketa edo jardunaldi intentsibo bat da, non garatzaile, erabiltzaile, eta komunitateko beste parte-hartzaile batzuk elkarrekin biltzen diren helburu zehatz batzuk lortzeko. Sprint batean, parte-hartzaileek taldean lan egiten dute Plone-rekin lotutako gai konkretuak lantzeko, hala nola garapena, dokumentazioa, akatsen zuzenketa, edo ezaugarri berrien ezarpena.

Datorren urtean Finlandian

Laburpen gisa konferentzia oso interesgarria izan da, batez ere komunitatearen lan-jarduna nondik nora doan eta etorkizuneko lan ildoak zein izango diren ezagutu eta protagonistekin zuzenean eztabaidatzeko.

... eta datorren urtean... Jyväskylako Unibertsitateak antolatuta, Finlandian izango da Plone Konferentzia. Hemen duzue iragarpena egiteko erabili zen hitzaldi ederra.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek