2022/10/18
PloneConf 2022 izan berri da Namurren (Belgika), eta bertan izan da CodeSyntax-eko lantalde bat, ez bakarrik Plone teknologiaren garapeneko urteroko biltzarreko edukietan aportatzen, baita iragarpen inportante bat egiteko ere: datorren urteko PloneConf 2023 Euskal Herrian izango da, PloneConf Basque Country antolatuko dugu. Software libreko teknologia inportante baten mundu osoko garatzaileen biltzarra geurean, Euskal Herrian, eta CodeSyntaxek antolatua.

Software librearen arloan erreferentziazko CMS bat da Plone, web edukiak kudeatzeko sistema bat da CMS bat, eta teknologia alor honetan Python programazio hizkuntzan oinarrituta dagoen CMS ezagunen Plone da. PloneConf teknologia honen garatzaileen munduko bilera da. Pandemiaren ondorioz bi urtez online egin ondoren, 2022an berriro egin da Namurren, Belgikan. Konferentziaren amaieran, joan den asteburuan, CodeSyntaxek hurrengo konferentziaren antolatuko duela iragartzeko ohorea izan zuen: PloneConf 2023 Basque Country izango da datorren urteko bilkura hori.

2000. urtean sortu zen CodeSyntax eta hasieratik bertatik garapenak batez ere Python lengoaia librean egiten ditugu, honetan oinarrituriko azpiagituretan, Plone CMS gisa, Volto frontend azpiegitura aurreratua, eta Django, ad-hoc garapenetarako framework indartsua.

Plone CMS sendoa da mota guztietako erakundeentzat. Edukia, katalogoa eta informazioa zuzenean webgunean argitaratu nahi izanez gero, Plonek webgune eleanitz eta sendoak hezurmamitu ditzake. CMSk 20 urte bete ditu, eta 2003az geroztik PloneConf izeneko biltzarrak ditu urtero. Lehenengoa New Orleansen (AEB) egin zen 2003an, eta 20 urteren buruan Euskal Herrian izango da tartean Viena, Washington DC, Berlin, Napoli, San Francisco, Tokyo edo Brasilia bezalako hiriak bisitatu dituen biltzarrak. CodeSyntax urtero izan da horietan 2007ik aurrera. 2020 eta 2021 urteetan konferentziak telematikoak izan dira, pandemiagatik, baina 2022ko urrian Namurren (Belgikan) 200 profesional bildu ziren berriro, aurrez aurre.

CodeSyntaxek sei garatzaileko ordezkaritza bidali zuen Namur PloneConf 2022ra, hori dira irudian, lehen lerroan Nagore Ruiz de Escudero eta Mikel Larreategi (Ploneko internazionalizazio arduraduna, nazioartean); eta atzean ezkerretik Unai Etxaburu, Ion Lizarazu, Lur Ibargutxi eta Gorka Fernandez. Bertan, garapen-saioetan parte hartzeaz gain, albistea iragarri zuten: PloneConf 2023 Euskal Herrian izango da. Behin betiko egoitza zehazteke dagoen arren, oraingoz PloneConf Basque Country deitzen diogu, eta data ere zehaztu gabe dago: urrian edo azaroan izango da.

Datu horiek urtea amaitu baino lehen argituko dira, eta 2023an CodeSyntaxek ekitaldia antolatzeko bideari ekingo dio. Bertan, dozena bat enpresa baino gehiagoko 200 profesional eta freelancer biltzea espero da, Euskal Herrian software librearen esparruko lehen mailako ekitaldi bat edukitzeko aukera bikainean.

 

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek