2013/05/17
Atzo nire lankide Jatsu Argaratek egindako kronikaren ondoren, Djangocon honetatik hiru ohar, laburrago, bigarren eguneko laburpen gisa. Gauza gehiago ere izan ziren, baina hiru kontu hauetan gure lanean bereziki interesgarriak izan daitezkeen pistak antzeman ditugu.

Ordainketa prozesuak bideratzen

Krzysztof Dorosz poloniarrak hitzaldi hau eman digu: Apps for advanced plans, pricings, billings and payments. django-getpaid eta django-plans aplikazioak aurkeztu ditu. Lehen aplikazioak e-commerce-tarako ordainketa bideratzea du helburu. Horretarako eskari modelo batekin lotzen da eta lan fluxu bat definitzen du ordainketa burutzeko. Hainbat ordainketa zerbitzu erabiltzeko aukera ematen du, egun Poloniakoak gehienak, baina hornitzaile berriak nola gehitu ondo dokumentatuta dago. django-plans-ek zerbitzu desberdinak, epe desberdinetan, prezio desberdinekin definitzeko aukera ematen du. Honetaz gai, zerga mota desberdinak plan bakoitzari lotzeko aukera. Kontuan izan beharreko beste bat.

Uste dugu ordainketak bideratzen dituzten guk garatutako proiektuetan (adibidez Kisale bizikleta denda, edo irteerak kontratatzeko sistema Gipuzkoako kotsaldeko Geoparkean) inplementatu ahal izango direla aurrerapen hauek.

***

Hitzaldi nagusiez gain, konferentzia teknikoetan ohikoak izaten dira 5 minutuko Lightning Talks edo tximista-hitzaldiak. Eta horietan ere gauza interesgarriak ezagutzen dira. Hurrengo bi adibideak honelakoetatik atera ditugu:

Frontend editing-aren garrantzia

Divio enpresa suitzarreko ordezkari batek django-cms berria erakutsi du, eta oso pinta ona dauka. Plonek bezala frontend editing aukera dauka, eta esan dutenez aplikazioetan inplementatu daiteke front editing hau. Gure bezeroentzako aukera handia izan daiteke hau.

Proiektu inportante gehienetan Django edo Plone soluzioak proposatzen dizkiegu bezeroei, segun eta ze helburuak ze premia tekniko dituen. Baina oro har, bezero ez teknikoak erraz kudeatzeko webgune baterako, erosoagoa da Plone. Frontend editing ezarrita dauka sistema honek, eta funtsean zera da, ageriko interfazean bertan, login eginik, kudeatzaileak edizio aukerak ikusten dituela. Hona adibide bat Mondragon Kooperatiba taldearentzat garatutako Tulankide gunean:

Plone edizioa

Ezkerretan, bista normala, eta eskuman, frontend editing aukerak berdez, kudeatzaileak edukia gestionatzeko erabiliko dituenak.

Django webguneetan ere hau edukitzea inportantea izan daiteke.

Lokalizazioa egiteko modu berri bat

L20N proiektua Mozilla fundazioaren egitasmo bat da, eta hori ere tximista-hitzaldi batean azaldu digute. Ez da bereziki Django, Javascript-ean oinarritutako teknologia bat baizik, baina Python programazio lengoairekin inplementatu daitekeenez, Djangon lan egin daiteke honekin.

Kontua zera da, .po fitxategien eta Gettext metodologiaren L10N (lokalizazio) metodoetatik haratago joatea, gramatika konplexuagoak dauzkaten hizkuntzekin aplikazioak egoktu ahal izateko.

Adibidez, gaur zera egiten dugu:

"Hello %s" % user.username

 

Eta horrekin "Hello Aitzol" edo dena delakoa sortzen da. Kontua da sarritan malabarismoak egin behar direla ingelesaren gramatika mantentzen ez duten string-ak lokalizatzeko. Adibidez, polonieraz subjektuaren generoak aditzaren forma markatzen du, hortaz aurreko hurbilpena ez da erabilgarria eta tranpak egiten ditugu, esaldia aldatu edo horrelakoak. L20n-arekin planteatzen dutena da aukera horiek programatiko konpontzea, hala nola irudi honetan:

L20N sistema polonieraz

Euskararentzat ere zukurik aterako genioke aukera tekniko honi agian: adibidez, holako string mota hauek lortu ahal izateko aplikazioan lerro/mezu bakarra izanda:

"ez dugu emaitzarik aurkitu"
"emaitza 1 eman du zure bilaketak"
"222 emaitza eman ditu zure bilaketak"

Eta tira, Djangocon-ek asteburuan ere segitzen du Varsoviako zirko honetan (gaur gehitutako argazkia, cc-by-sa, Zerok-ena da), hemen jarraituko dugu beraz Jatsuk eta neuk.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek