Durangoko Azokaren webgune berria
Joan zen astean sareratu du Gerediaga Elkarteak azokaren webgune berria. Eduki aldetik ondo hornituta, erabiltzeko erraza eta itxura aldetik webgune erakargarria osatu dute.
Azokaren webgunea egiteko orduan, bere lekua egin zaio elkarte antolatzaileari: Gerediaga elkarteari. Bere nortasuna adierazten ahalegindu gara, Azokaren eta Elkartearen arteko lotura nabarmenduz. Itxuraz ere, ezberdin baina antzeko dira www.durangokoazoka.com eta www.gerediaga.com atariak, biak ere Codesyntaxek sortuak.
Eduki estatikoez gainera, agenda, bloga eta albistegi automatikoa gehitu zaizkio.
Katalogoa ere berria da; bisitarientzat, ustez, erabilgarriagoa izango da. Eta, berehala berrituko da aurtengo Azokan erakutsiko diren liburu, disko eta bestelakoekin. Azken bi urteetako edizioetako argazkiez gain, argazki zaharren galeria txiki bat ere sareratu dute. Eta aurtengo argazkiak sortu ahala ikusteko aukera ere izango da. Horretaz arduratuko da Txelu Angoitia argazkilari durangarra, aurtengo kartelaren egilea.
Urte guztirako webgunea
Webgunea urte osoan irauteko asmoz sortu da: Azokaren eta Gerediagaren inguruko informazio historikoa ere badauka. Gogoratu, tarte hau, aurten bereziki, aipagarria dela oso, izan ere, Azokak zein Gerediaga elkarteek 40 urte betetzen dituzte. Katalogoa ere urtean zehar eguneratu egingo da.
Webgunea orain jaio da, baina datozen aste eta hileotan indartzen joango da, eta uste dugu epe motzean euskal kulturan erreferentzia bilakatu daitekeela.
Azaroaren 23an aurkezpena
Azoka abian da webgunearekin batera, baina "aurtengo edizioaren aurkezpena": azaroaren 23an izango da, asteazkena, Durangon bertan: kartel berria (ikusgarria), egitaraua, argizaiola omen-saria nori emango zaion, katalogo berria, eta abarrak.
Webgune berriaren ardura teknikoa Codesyntaxek izan du, eta erredakzio-lana Lekukom Lekuko Komunikazio Zerbitzuak enpresaren esku egon da.