Twitterrek euskara detektatuko du txioetan, PuntuEUS eta CodeSyntax-ekin lankidetzan
Horixe iragarri dute gaur Twitter Españak eta PuntuEus Fundazioak ohar batean, non beste iragarpen inportante bat ere egin duten, Twitter.eus domeinua funtzionatzen hasi dela gaur: "Twitter sare sozialak salto egin du euskal hizkuntzaren komunitatearen adierazgarri den .EUS domeinura, PuntuEUS Fundazioarekin adostutako lankidetzari esker."
Horrekin batera, beste iragarpena, Twitterrek euskara detektatu ahal izango duela laster. Horretarako, gugana jo dute, eta logikoa da, zeren eta CodeSyntax-ek garatutako Umap webguneak 2011. urtetik dihardu txiolari euskaldunen jarduna jasotzen eta iragazten. Denbora errealean egiten dugu bertan euskararen detekzioa, eta ateratzen ditugun datuen artean, denbora errealeko joeren edo Trending Topic detekzioa dago, espezifikoa euskaldunon komunitatekoa, eta Twitterrek eskaintzen ez duena.
Euskararen detekzioa egin ahal izateko Twitterren, milaka batzuk txio etiketatu eskatu zizkiguten, Twitterreko ingeniariek detekzio prozesua abiatu ahal izan zezaten. Bada, 200.000 bidali genizkien. Horrekin, Twitterrek bere lana egiten duenean, txio bakoitzaren metadatuetan euskara gehitu ahal izango du Twitterrek.
Horrela, zenbait ingurunetan agertzen diren itzulpen aukera paradoxikoak ("traducir del indonesio") desagertuko dira Twitterren, baina horrek ez du esan nahi euskaratik itzulpen automatikoa eskainiko duenik Twitterrek. Hori beste enpresa baten zerbitzuekin egiten dute, Bing-ekin (Microsoft-en bilatzailea), eta hor euskara ez dago oraingoz (eta CodeSyntax-en jakintzatik at dago itzulpen automatikoarena).
Euskararekin bezala, beste hizkuntza gutxitu batekin ere egiten du detekzioa eta zerbitzu sorta bat CodeSyntaxek: Galesarekin, Ffrwti proiektuan.