2015/07/03
Bezero guztiek eskatzen diguten zerbait izaten da, normala den moduan, webguneak ez erortzea. Baina ezin gara minutuero hori begiratzen ibili, eta aplikazio ezberdinak erabiltzen ditugu horretarako. Azkenaldian Djangon idatzitako aplikazio bat probatzen gabiltza eta gaur gainera, Telegram bidezko alertekin lotu dugu Telegramek aurkeztu berri duen Boten plataformari esker.

Orain dela aste batzutatik gure webguneak martxan daudela jakiteko tresna berri bat probatzen ari gara: Cabot. Bai, badakigu honetarako beste hainbat kanpo zerbitzu eta aplikazio daudela (esaterako Pingdom ezaguna), baina kontrolpean izan dezakegun zerbait nahi genuen, eta horrela aurkitu genuen Cabot.

Django-n idatzitako aplikazio honek, hiru test mota dauzka: Graphite zerbitzari baten balio bat egiaztatzea, Jenkins zerbitzari baten lan baten emaitza egiaztatzea eta HTTP test bat (guk 'wget testa' ere deitzen dioguna). Test horien emaitzen arabera alertak bidaltzen ditu aplikazioak, defektuzkoak eposta mezuak, Hipchat bidezko abisuak eta Twilio bidezko dei eta SMS alertak ditu.

Bezero batzuen webguneak hartu eta eposta bidezko alertekin berehala konfiguratu genuen aplikazioa. Hala ere, arazoren bat edo beste izan genuen gure hornitzailearekin, mezuak spam karpetara heltzen baitziren, eta gainera momentu batzuetan mezu-zaparradaren bat jaso eta baneatu ere egin zigun alerta-zerbitzaria...

Hori horrela beste soluzio baten bila hasi ginen. Bulegoan beste norbait Slack probatzen hasia zegoen, egun talde-komunikazioarako modan dagoen tresna, eta aplikazioarentzako plugin bat zegoela ikusita, berau konfiguratu genuen. Hala ere, ez genion Slack-i zuku gehiegi ateratzen (gu oso posta-zerrenda eta Basecamp zaleak gara) eta egia esateko aplikazio honetarako bakarrik erabiltzen genuen. Eta erabili ere, pare bat edo hiru lankidek (honekin arazo handirik ez zegoen, probatako tresna bat besterik ez baita).

Joan zen astean, ordea, Telegram mezularitza zerbitzuak Bot plataforma iragarri zuen. Nahiz eta hasieran oihartzun handia izan, geroago ez da asko entzun aplikazioari buruz, eta gure inguruan WhatsApp bere gainetik pasatu da. Hala ere, gure artean erabiltzen dugu, badugu lankideon arteko talderen bat... Gainera Telegram-en egileek hasieratik APIa eta hainbat plataformatarako bezeroak hor izan dituzte eta aspaldidanik genuen alertak jasotzeko probatzeko gogoa. Joan zen asteko Bot plataformaren iragarpenarekin erabilera hori asko erraztu da. Bot bat sortzea bi komandoko gauza dela ikusi genuen eta hori Cabot aplikazioarekin lotzea pentsatu. Gainera Python-ekin erabiltzeko liburutegi sinple-sinple bat aurkitu dugu, pyTelegramBotAPI, berarekin lan eginda berehalako kontua da Bot bat programatu edo Bot baten bidez txat batera mezuak bidaltzea.

Esan eta egin, gaur goizean Cabot-erako Telegram alerta plugina prestatu eta gure aplikazioan konfiguratu dugu. Probaren bat egin eta berehala hasi gara alertak jasotzen. Hurrengo pausua gainera buruan dugu: monitorizaziorako erabiltzen dugun Cacti zerbitzua ere honi lotzea, jakinarazpen guztiak era berean eta toki berean jasotzeko. 

Alertak jasotzeko bakarrik ez, beste lan batzuetarako ere erabili daitezke Bot-ak, komandoak bidali eta erantzun ere egiten baitute (GitHub-ek duen Hubot-en estilora), beraz agian beste erabileraren bat ere aurkituko diogu Telegram bidezko Bot honi.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek