Marketinaren oinarriak liburuaren aurkezpena
Marketinaren oinarriak liburuaren aurkezpenak bi atal izan zituen. Aurrena instituzionala, non Patxi Baztarrikak nabarmendu zuen euskarak duen marketinaren beharra; baita marketin zein komunikazioa gizartean hartzen ari den pixua, eta hor euskara, erreminta moduan, erabiltzearen garrantzia.
Itziar Navarro eta Lorea Narbaiza irakasleak izan dira proiektuaren koordinatzaileak. Loreak aipatu zuen badirela jada 18 urte hasi zirela marketina euskaraz irakasten. Sasoi hartan eurek sorturiko apunte eta itzulpenak erabiltzen zituzten. Eta horregatik zegoen liburu honen beharra. Pertsonalki bizi izan nuen sasoi hura, marketina euskaraz ikasten hasi zen lehen belaunaldietakoa naizelako, atzo Lorearekin gogoratu nuen moduan.
Saioak enpresa mundura biratu zuen ondoren, euskara eta marketinaren erlazioaz jarduteko. Euskaltel, Elkar eta CodeSyntaxen esperientziaz hitz egin zuten Koldo Unanue, Gexan Sors eta Eneko Astigarragak, hurrenez hurren.
Gexanek azaldu zuen euskara bultzatzea helburu duen fundazio baten kerizpean aurkitzen da Elkar, eta horrek baldintzatzen du bere jarduera osoa, marketina barne: dendarien lehen hitza, aldizkari korporatiboa, fidelizazio txartela eta abar.
Euskaltelek euskararekin dituen erlazioaz hitz egin zigun Koldok. Komunikazio-enpresa handiekin egiten dituzte kanpainak, eta gehienbat gazteleraz. Sarri aurkitzen dituzte zailtasunak enpresa horiek sorturiko kanpainak euskarara modu erabilgarrian ekartzeko. Erreminta beharrean, helburu bilakatu zaie euskara sarri, nahiz eta ahalik eta modu malgu eta gertukoan erabiltzen ahalegintzen diren.
Euskara gure enpresan
Enekok azaldu zuen nola euskara modu naturalean darabilgun gurean. Langile guztiok dakigu euskaraz, eta hauxe da gure lan-hizkuntza. Natural-natural eta normal-normal. Gurean marketina egiteko modua da proiektu teknologiko deigarriak ateratzea, eta ia guztiak atera ditugu euskaraz: Sustatu.com, Umap.eu, Blogak.com edota Argazkiak.org, besteak beste. Bide beretik jarraitzea da gure asmoa.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
2024ko Plone Konferentzia
2024/12/16
Nola erakutsi mendi ibilaldiak webgunean?
2024/12/12