IKT mintegia Bilbon, laburpena
Mintegia Bilbon izan zen, Bizkaia Aretoan, joan zen asteazkenean (abenduaren 17an). Mintegiaren helburua zen, batetik, euskarazko IKT produktuak merkatuan dituzten entitateak, enpresak eta agenteak biltzea, eta bestetik, euskaraz dauden baliabide teknologikoak guztion begi bistan jartzea, eta euskal ekonomiaren sektore eta arlo profesional ezberdinetan horien erabilgarritasuna erakustea.
Esan bezala, 20 hitzaldi/aurkezpen eta mahai-inguru bat antolatu ziren egunean zehar, eta Bilbon bildu ginen sektorean lan egiten dugun enpresa eta elkarte askotxo. Guztira 180 lagun elkartu ginen ekitaldian.
Hasierako hitzaldiak
Mintegia goizeko 9etan hasi zen HPSko sailburuorde den Patxi Baztarrikaren hitzaldiarekin. Euskararen inguruko zenbait datu azpimarratu nahi izan zituen Baztarrikak:
- Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da
- Interneteko nabigazio hizkuntzen artean 44. posizioa du euskarak
- Twitterren 33 hizkuntza daude, eta horietako bat euskara da (gaur oraindik badira Europar Batasuneko hainbat hizkuntza ofizial twiterren ez direnak).
- Itzultzaile automatikoa Interneten edonoren eskura dago: euskara-gaztelania, gaztelania-euskara eta ingelesa-euskara norabideetan. Hilero, 350.000 itzulpen inguru egiten ditu
- Euskara ikasteko baliabide teknologikoak badira sarean, erabilera handikoak: HABEren webgnuean, urtebeteko epean, 640.000 bisita; Ikasbil-en, urtebeteko epean, 522.000 bisita, eta erabiltzaileek emandako denbora, guztira, 45.000 ordu.
Ondoren Luis Colladoren (Google) txanda izan zen. Berea izan zen ekitaldiko hitzaldi nagusia. Hasieran euskaraz erabili daitezkeen Google zerbitzuak zerrendatu zituen (bilatzailea, Youtube, Drive, Gmaps, Gmail, Chrome, Android...). Itzultzaile automatikoak ere izan zituen hizpide. Google Translateri dagokionez, gutxinaka hobetzen ari dela, eta corpusa handitu ahala, tresna ere hobetzen joango dela. Ondoren, Eusko Jaurlaritzari iradoki zion, Jaurlaritzak hartu beharko lukeela itzultzaile on bat egiteko ardura (eta ez enpresen esku utzi). Kexa bat ere jaso zuen Colladok entzuleen artetik (behin baino gehiagotan egunean zehar): Google Play-en ezin direla markatu aplikazioak hizkuntzaren arabera, eta zaila dela euskarazko APPak aurkitzea eta bistaratzea.
Euskarazko Softwarea
Hasierako hitzaldien ostean, Software katalogoaren txanda izan zen, 4 aurkezpenekin.
Montserrat Pardok, Microsofteko erakunde harremanetarako kudeatzaileak, bere enpresaren ikuspegia eman zuen. 2 hamarkada produktuak euskaratzen dabiltzala, eta hurrengo urratsa urtarrilean datorrela, Windows Mobile euskaraz aurkeztuko delako. Erabilera azpimarratu nahi izan zuen: itzulpenak justifikatu ahal izateko, jendeak erabili egin behar dituela tresnok, eta euskarazkoak oso gutxi erabiltzen direla. Hala ere, euskarazko produktuen hazkundea handixea dela (katalanezkoena baino handiagoa, adibidez) eta hori datu itxaropentsua dela.
Iñaki Larrañaga "Dooteo" (Zundan) izan zen aurkezpen-bloke honetako izarra. Software libreko euskarazko produktuen katalogo amaigabea aurkeztu zuen 20 minutuan. Ordenagailuan ari zarela, zernahi egiteko aukera dago; software librearekin eta euskaraz, gainera. Urteetan zehar egindako itzulpenen katalogoa aurkeztu zuen, batzuk Linuxerako bakarrik, baina beste hainbat baita Windows eta Mac-erako ere. Ezin hona denak ekarri, baina adibidez: LibreOffice, Lyx, Evince PDF irakurgailua, Scribus maketaziorako tresna, Planner, Dia, Evolution posta-bezeroa, Thunderbird, Firefox, Epyphany, Konqueror, Filezilla, Transmission, Inkscape, Gimp, gThumb, Soundrecorder, Sound Juicer, Audacity, Totem, VLC, Openshot, Cinelerra, Anjuta, Glade, Gedit, ghex, lokalize... Hainbat lagun eta elkarteri zor diegu hori guztiori, baina batez ere Euskalgnu (desagertuta) eta Librezale taldeei. Zorionak eta eskerrik asko hemendik.
Ondoren industria sektoreko bi hitzaldi etorri ziren. Miren Martinezek Grupo i68k garatutako Izaro euskarazko ERPa aurkeztu zuen eta Joxe Mari Larrañagak CNC Zenbakizko kontrola euskaraz makina-erremintaren sektorean (simuladorea jaitsi daiteke).
Hizkuntza-tresnak eta baliabideak
Eguneko aurkezpenik gehienak atal honetakoak izan ziren. Bederatzi guztira (Pello Salabururena ez zen egin, gaixorik zegoelako).
Josu Aztiriak Elhuyarren produktuen errepasoa egin zuen. Euren lanaren %10 ikerketa aplikatura doa, %30 ikerketa esperimentalera, eta %60 aplikazioak eta tresnak egitera. Elhuyarreko tresna lingustikoen berri eman zuen (zuzentzaile ortografikoak, eLezkari bilatzailea...), eta itzulpen automatizatuen inguruan jardun zuen, baliabideak hobeto kudeatu eta kalitatea handitu beharraz.
Imanol Urbieta (UZEI) etorri zen ondoren. Euren produktu eta lan guztien berri ezin eman 15 minutuan, eta lexikoan zentratu zen. Oinarrizko baliabideak (corpusak, lexikoak...), tresnak (lematizatzaileak, analizatzaile morfologikoak...) eta produktuak (zuzentzaile ortografikoak, lexiko zuzentzaileak, termino erauzleak...) ezberdindu zituen. Horrela, Eulex, Idite eta Hobelex ezagutu genituen.
Ondoren, Iñaki Kareagak Euskaltzaindiaren webguneko hizkuntza-baliabideak aurkeztu zituen eta Mikel Dorronsorok HABEren Ikasbil webgunea (eduki didaktikoak) eta Ikasten ikastaro-plataforma aurkeztu zituen. Mezu positiboa ere zabaldu nahi izan zuen: gaur egun euskaraz lan egin daiteke ordenagailuetan. Hala ere, erabiltzaile askok etekin txikia ateratzen diote dagoenari. Hori hobetu behar dugu: erabilera. Datu bat ere eman zuen: euren webguneetako erabiltzaileen %20ak nabigatzaileak erdaraz konfiguratuta dauka. Eta euskara ikasle eta irakasleak dira!
Xabier Armendaritz euskerazko Wikipediako arduradunetako bat da. Euskarazko wikipediak 55.000 editore ditu, 250 aktibo, eta 12 editore nagusi. 200.000 artikuluko muga gainditu du eta munduko hizkuntzen artean 34. tokian dago artikulu-kopuruari dagokionez. Hiztun kopurua kontuan hartuta, berriz, 5. postuan litzateke. Wikipediaren ezaugarriak zerrendatu zituen, eta erabiltzaile guztiak parte hartzera gonbidatu zituen (parte bartzeko formak, tutorialak, arau eta politikak, webgunean daude).
Pello Urzelaik Berriaren estilo liburuaren betsio digitalaz hitz egin zuen. 2013an sortua, 3 ezaugarri azpimarratu zituen: erabilgarritasuna, eguneratua egotea, eta elkar eragitea.
Amaitzeko, alderdi instituzionalaren edo administrazioaren txanda etorri zen. Hantxe izan ziren Edurne Magunagoitia IVAPen e-baliabideak aurkezten (dudanet, idaba, elet...), Xabier Balerdi epaitegietan euslararen erabilera sustatzeko plana (eta tresnak) aurkeztuz, eta Araceli Díaz de Lezana (HPS) euren webguneko baliabideak erakutsiz: euskalterm, itzultzailea, software katalogoa euskaraz, IKTen inbentarioa,...
APPak eta sare sozialak
Aurkezpenen azkenengo blokean beste 4 hitzaldi izan ziren. Lehenengo hirurak APP-en egungo panoramaren lagin gisa.
Eli Ponbok, adibidez, Iametza interaktiboaren katalogoa aurkeztu zuen. Ez da APPen garapenera dedikatzen den enpresa, komunikazio enpresa baizik, baina gizarteak eta merkatuak eraman ditu aplikazioen garapenera. Horrela, Ihesi, Nairobitarra, Juergasmo, EuskalTV edo Nora bezalako produktuak garatu dituzte.
Akting enpresa, ordea, APPak sortzera dedikatzen da. Unai Bilbao ingeniariak egin zuen aurkezpena, eta enpresaren ibilbidea eta egindako lana laburbildu zituen. Dagoeneko 62 aplikazio egin dituzte; guztiak euskaraz (gutxienez), bakarra izan ezik. Bi aplikazio aurkeztu zituen: Saskia erosketa-zerrendak euskaraz egiteko aplikazioa, eta Runloc lasterketen jarraipena egitekoa.
Aurrekoen laginen ostean, Juan Mari Okinak ikuspegi zabalagoa eman zuen. Euskarazko aplikazioen katalogoa biltzen dituen webgunearen arduraduna da Okina, EuskalApps. IKT mundua gustuko duten pare bat lankide eta gurasok sortutako ekimen bolondresa da. Seme-alabentzat aplikazio euskaldun bila hasi, eta pentsatu zuten webgune batean bateratzea euskarazko aplikazioak. Euskaraz eta Euskal Herrian egindakoak bakarrik zerrendatzen dituzte, eta ondoren aplikazioak sailkatu, etiketatu, kategorizatu, aztertu, baloratu,... Guztira 171 APP bildu dituzte, baina uste dute gehiago ere izango direla (Okinak ere berriz azpimarratu zuen oso zaila dela Google Playn euskarazko aplikazioak aurkitzea). Interes gehien sortu duten aplikazioak, nabarmen, euskara ikasteko kategoriakoak dira eta, ondoren, haurrentzako materiala. Horixe da euskararen panorama nagusia aplikazioetan: euskara ikasleena eta haurrena.
Eguneko azkenengo hitzaldia gure lankide Josu Azpillagarena izan zen. Euskara sare sozialetan izenburupean, Umap erremintaren berri eman zuen. Twitterreko euskarazko jarduna aztertzen duen tresna automatizatua da Umap, eta 2015. urtera begira garatu eta aurkeztuko diren ataza berriak ere aurreratu zituen Azpillagak: Umap Soziolinguistikoa, alegia. Twitterren dabiltzan euskal txiolarien datu soziolinguistikoak batuko dituen erreminta berria (besteak beste, horrelako datuak ateratzeko). Datozen egunotan emango dugu horren inguruko informazio zehatzagoa, eta 2015ean zehar emango ditu bere aurreneko fruituak. Bitartean, hona hemen Azpillagaren aurkezpena.
Mintegia amaitzeko, mahai-ingurua izan genuen. Iban Arantzabal (Goiena) moderatzaile lanetan eta Maite Goñi (MUko irakaslea), Xabier Arrieta (Izenpe), Koldo Unanue (Euskaltel) eta Araceli Díaz de Lezana (HPS) tertuliakide. Ordurako nekatuta eta nahikoa ohar hartuta, ez nuen izan adorerik mahai-inguruan esandakoak batzeko... ea hurrengoan ;-)
Dena dela, mahai-inguruan eta egun osoan zehar esandakoen laburpena (eta hainbat lotura) Twitterreko #IKTmintegia traolean aurkituko dituzu.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
Nola erakutsi mendi ibilaldiak webgunean?
2024/12/12
PUNTUEUSek 10 urte bete ditu
2024/12/03