Hemengo identitatea mantendu eta munduarekin hitz egin, nola?
Galdera hori planteatu didate Emun-eko lagunek abiatu duten Enpresa, sarea eta hizkuntzak hausnarketa sortarako. Hemengo identitatea mantendu eta munduarekin hitz egin, nola?
Gogoratzen dit kazetari nintzeneko kontu bat. Nola idatzi erreportai on bat? Nola biribildu zutabe bat? Nola aurkitu titulu on bat artikulu baterako? Erantzuna deskubritu nuen urte batzuen buruan: beste erreportaia, zutabe eta izenburu on batzuk irakurrita. Ondo idatzitako pieza asko irakurrita, iritsi daiteke bat, akaso, ondo samar egon daitekeen estilo batez jabetzera. Trebetasun horren sekretua da gainera, hizkuntza faktore independentea dela. Zutabegile izatera ausartu nintzen garai batean, eta maila txukunik izango ote nuen ez dakit nik esan behar dudan, baina bai esan dezaket, lortutako apurra beste batzuei irakurrita lortu nuela, bereziki bi idazle espainol irakurrita, Jaime Campmany ABCn eta Eduardo Haro Tecglen El Pais-en.
Erdaraz ikasi, bai, halaxe egin nuela esango nuke. Baina jardun, euskaraz batik bat, inoiz espainolez zutabe edo zutabe-modukorik idatzi nuen arren. Eta honela irabazi izan dut esperientzia, errodajea, komunikatzeko hori ere behar baita.
Munduarekin hitz egiteko, hitz egiten ojakiteko, berdina da lehen urratsa. Lehenengo entzun egin behar da. Ondo hitz egiten duenari entzun behar zaio, adi entzun eta ikasi, norberak hitz egiten hasteko. Horrela irabazten da estiloa. Eta gero lantzen da estilo hori esperientziarekin, saio eta erroreekin, ekinarekin.
Gero nibela dago. Ingelesez asko irakurri izanagatik ere, ez nintzen sekula gai izango zutabe txukun bat hizkuntza horretan apailatzeko. Lehen mailako kalitatez komunikatzeko, beste zerbait ere behar da. Estiloaz gain, hitzen jabe izan behar duzu. Ez dakit guztiz egiazkoak diren Txepetx-en teoriako ontzi komunikanteen analogia horiek, erabilera, ezagutza eta motibazioa direla hiru ontzi elkarrekin lotzen
direnak, eta batetik bestera doala jarioa. Olioaren nibela motor batean batetik bestera doala iruditzen zait grafiko horretan, apur bat analogia faltsua ote den...
Hala ere, bai, badago egia bat hor. Hizkuntza jakin batean behar duzu nahikotasun bat, eta hiru faktore
horietarik behar duzu prestakuntzan. Nibela osatzen duzu erabilera, ezagutza eta motibazioarekin.
Kontuan har dezagun, bestalde, gauza bat dela zutabe literarioa, eta beste bat, demagun, Interneteko garaiko nazioarteko komunikazioa. Ingelesezko maila estandar bat, internazionala demagun, ez da hain zaila erdiesten. Angloak, gainera, barkaberak dira horrekin, oro har. Ez gara ausartuko poesia idazten ingelesez, baina powerpoint bat edo blog post egin beharko genuke lotsa traumatikorik sentitu gabe.
Izatez, uste dut minimo horretarako behar dugula gure burua prestatu, eta gure seme-alabak ere bai. Gaur-biharko profesional askok izan beharko dute gai bilera batean ingelesez jarduteko; biltzar batean eskua altxatu eta galdera egiteko ere bai. Biltzar batean komunikazio bat aurkezteko eere bao? Agian horretarako, irakasle edo pertsona natibo baten laguntza eta prestakuntza ondo etorriko da, era horretako lan batek prestakuntza orduak eta aurrekontu bat eduki behar baitu.
Eta... hemengo identitatea mantendu? Euskaraz jardunez. Baina ez bakarrik sentimentalismoz. Powerpointak euskaraz egiten, nik ez dut euskara askorik ikasi (uste dut), baina powerpointak egiten ikasi dut beharbada, eta gero horiek jendartean aurkezten. Ingelesez ere ausartu izan naiz gero gauzak egitera.
Powerpointak adibide ona dira. Izen txarra duen komunikazio-tresna da (bide batez, powerpoint diot generikoki, baina ez dago motiborik marka horretako Microsoft produktua erabiltzeko, e? erabili Impress LibreOffice eta OpenOffice-ekoa). Baina nik uste dut erraminta efektiboa dela, betiere, oratoriaren lagungarri, gidoi bat osatzen laguntzen dizulako, mezu zuzenak eta une dramatikoak ondo ordenatzen. Eta beharrezkoak dira 21. mendeko komunikazio sistema profesionalean.
Dena den, nik egin ditudan powerpointik onenak akaso ez dira "profesionalenak" izan baizik eta audientzia txikiren batzuentzat, inoiz, aurkeztu izan ditudan batzuk. Eibar.org elkartearen afariren batean blogak zer diren azaltzen (2003. urtean), edo Munduaren Dominazioa euskararen ikuspuntutik aldarrikatzen. Publiko txiki, gertuko eta maiteenarentzat egindako aurkezpenak izan ziren. Euskaraz, euskaldunentzat. Inporta zitzaizkidan gaiak (euskaraz komunikatzea Interneten) eta audientzia txiki horiek. Eta horregatik inbertitu nuen ahalegin apur bat aurkezpen haietan. Lagun batzuk pittin bat bulzatu eta komentzitzeko balio izan bazuten, ondo; baina neuretzat ere, gorago esan dudana, powerpoint eraginkorrak egiten ikasteko balio izan zidan horrek.
Beste komunikazio tresna batzuk ere beharrezko dira garai hauetan: Interneten, blogak eta Twitter, bereziki. Bereziki, eta funtsean. Funtsa, hor dago. Mamia, komunikazioaren gune zentral-zentrala. Komunikatzaile euskaldunak ezin du horietatik at bizi. Ez badago hor, huts egiten ari da. Interneteko aroan herritar arruntak sortzaile bihurtu dira sarean, udaltzain bat poeta da (argitaratua, auto-argitaratua alegia), eta euskalkietan idazten duten jenioak ere badaude blogetan. Berriz, sortzaileak baditugu inguruotan, herritar arrunt bilakatzeko uzkur. Pertsona horrek, ez du ikasiko nola egiten den komunikazioa 21. mendean ez baditu besteen komunikazio moldeak jarraitzen. Gaur, blogari eta
tuiterlari onak jarraitu behar dira, nork zer nola esaten jakiteko. Niretzat 20. mendean Haro Tecglen edo Campmany izan zirenak ez daude jada Prisa edo Vocentoko paperetan, baizik eta Interneten.
Jarraitu behar ditugu, estiloa ikasteko; eta gero praktikatu behar dugu, gertukoekin, euskaraz, maite ditugunekin, maite baditugu, sareko dialogoan (hori ez egitea, maite ditugunekiko traizio txiki bat da, eta intelektualaren erantzukizunari uko egitea; eta intelektuala diodanean, zentzurik zabalenean diot, gizarteko posizio ekonomiko, politiko edo sozial erdi-eraginkor batetik lan egiten duen edonor adierazteko). Eta horrela, trebatuko gara, eta gauza izango gara, munduarekin komunikatzeko. Hortik kanpora: ezer ere ez, ez bagaude sarean gertukoekin, ezer ez dugu esanguratsua sortuko ingurukoentzat, ezta gero ezer kanpora komunikatuko.