Euskal txiolarien profilaz datu batzuk, Umapeko erabiltzaileak aztertu ondoren
Umap.eus proiektuan etengabe ari gara aldaketak eta hobekuntzak egiten. Horien artean, pare bat lehentasun izan ditugu 2015. urtean zehar. Alde batetik, datu soziolinguistikoak erauzteko tresnak optimizatzea (laster izango duzue horren berri), eta bestetik, ranking sektorialak argitaratzea (duela bizpahiru aste argitaratu genituen). Azken aldaketa horri esker, euskal txiolari-komunitatearen nolabaiteko argazki bat ateratzeko aukera ere izan dugu. Zenbat eta nolakoak gara euskal twitterlariak?
Twitter kontu euskaldunak sektoreka
Ranking sektorialak atera ahal izateko, txiolariak eskuz etiketatu behar izan ditugu. Azken asteotan rankingeko aurreneko tokietan ibili diren txiolariak hartu ditugu (guztira 1148 kontu), eta arlo edo sektoreka antolatu ditugu. Zortzi izan dira aukeratu ditugun arloak:
- Norbanakoak: kontu pertsonalak
- Hedabideak: egunkariak, aldizkariak, telebista eta irrati saioak,...
- Gizartea: herri ekimenak, alderdi eta sindikatuak, ekologia, feminismoa, kirola, hezkuntza, zientzia eta teknologia,...
- Kultura: zinema, literatura, musika, antzerkia, dantza,...
- Euskara: Euskara elkarteak, euskararen inguruko ekimen eta proiektuak, euskaltegiak,...
- Enpresak
- Udalak: Euskal Herriko udalen Twitter kontu orokor eta ofizialak.
- Administrazioa: Erakundeak, administrazioaren ekimenak, udalen bulegoak (gazte zerbitzuak, euskara zerbitzuak...)
Beste batzuk ere aukeratu zitezkeen, ziurrenik, baina horiexek iruditu zaizkigu talde nagusi eta orokorrenak. Bestalde, Twitter kontu batzuk zer sektoretan sailkatu erabakitzea ere zaila izan da, alor horiek ez baitira estankoak. Euskarazko argitaletxe bat, esate baterako, zer da? Enpresa? Kultur arloko kontua? Euskara arlokoa? Tira, ahalik eta irizpide gardenena eta koherenteena erabiltzen saiatu gara.
Arloka zenbatuz gero, garbi ikusten da kontu gehienak pertsonalak direla %46 inguru; eta %12,2 hedabideei lotutakoak. Mota ezberdinetako ekimenei lotutakoak %34 dira (gizarte gaiekin lotutakoak %19, kultura arlokoak %9 eta euskararen ingurukoak %6). Administrazioaren tokia Twitterren oraindik txikia da, kontuen %6 inguru, gehienak udalak. Eta enpresekin lotutako kontuen kopurua oso txikia, %1,4 eskas; enpresak beldurrez iritsi dira Twitterrera, eta gehienbat gaztelaniaz ari dira. Egia da, hala ere, Twitterreko erabiltzaileak detektatzeko dugun algoritmoak zailtasun handiagoa izatea enpresen eta administrazioko kontuak aurkitzeko orduan.
Profila | Kopurua | % |
Norbanakoak | 528 | 45,9% |
Gizartea | 221 | 19,2% |
Hedabideak | 141 | 12,2% |
Kultura | 105 | 9,1% |
Euskara | 65 | 5,6% |
Udalak | 43 | 3,7% |
Administrazioa | 29 | 2,5% |
Enpresak | 16 | 1,3% |
1148 | 100% |
Euskal txiolarien profilaz
Umapek, besteak beste, helburu nagusi bat dauka: Twitterreko euskaldunon komunitatea identifikatzea eta trinkotzea. Baita euskal txiolarien jardunaren jarraipena eta azterketa egitea ere. Eta, zenbat txiolari ari gara, bada, euskaraz?
Azken 3 urteotako datuak aintzat hartuta, 20.000 txiolari inguru aritu gara denbora-tarte honetan euskaraz Twitterren. Ez guztiak une berean, ordea. Azken astean, esate baterako, 8.000 kontu inguru ditugu detektatuta umapen, kontu aktiboak, bizirik daudenak, eta azkenaldian euskaraz idatzi dutenak. Estimatzen dugu, ziurrenik beste 1.000 kontu inguru ere izan daitezkeela detektatu ez ditugunak (komunitatetik kanpo dabiltzalako, gutxi txiokatzen dutelako...). Horiez gainera, beste 25.000 hautagai ere jarraitzen ditu Umapeko robotak (euskaldunak izan daitezkeen Twitter kontuak), nahiz eta une honetan ezin ditugun sartu euskal txiolari aktiboen zerrendan (azkenaldian ez dutelako ezer txiokatu, edo erdaraz ari direlako). Gogoan izan Twitterreko kontu gehienak "hilda" (edo erdi-lo) daudela.
Eta, bizirik dauden kontu horiek nolakoak dira? Twitterrek ez du ematen daturik txiolari horien profilaz (adina, sexua, herria,...), baina Umapen egindako sailkapenaren arabera, jakin badakigu gizonezkoak emakumezkoen bikoitza baino gehiago direla euskal twitterlarien artean. 500 laguneko lagin horren arabera, %71.7 gizonezkoak dira eta %28.3 andrazkoak.
Hortik aurrera, txiolarien jardunaren inguruko datu zehatzagoak (txio kopurua, hizkuntza erabilera, joera nagusiak,...), hileroko txostenetan aurkituko dituzue, beti bezala. Iraileko datuen laburpena berriki egin dugu, eta urriko txostena ere hortxe duzue PDF formatuan, azken 3 urteotako gainontzeko guztiak bezala.
Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek
2024ko Plone Konferentzia
2024/12/16
Nola erakutsi mendi ibilaldiak webgunean?
2024/12/12