2011/09/29
Atzo izan zen Donostian Betor hitzaldi-sortaren lehen okasioa, Txomin Jauregik kontatu zuen Deskontu.com nola sortu eta bilakatu den. Antolatzaileak, CodeSyntax, Berria eta Enpresa Digitala, gustura geratu ginen Jauregiren ekarpenekin, eta baita ikusleen parte-hartzearekin, hitzaldia baino gehiago elkarrizketa suertatu baitzen topaketa. Betor hitzaldi sortak jarraipena izango duela espero dugu beraz.

Garikoitz Araolaza CodeSyntax-ekoak egin zion sarrera Txomin Jauregiri eta honek Deskontu.com azaldu aurretik, Betor hitzaldiek zer izan nahi duten azaldu zuen laburki:

Interneteko sarao edo topalditxoen kategorian, bat gehiago izan nahi du gaur zabaltzen dugun honek. Donostialdean badira beste zenbait, duda barik interesgarriak suertatzen direnak. Bat baino gehiago izateak ez diote elkarri interesik kentzen. The Melee edo Pintxos and Blogs edo Pechakucha elkarketa batean egon denak, seguruenik gustura egon da batean edo bestean, eta espero dugu Betor! izeneko topaketa hauek ere osagarri suertatuko dela alde horretatik.

Betor! Izen inperatiboa jarri diogu gaurko topaketa honi. Ideia-ekaitzean erabili genuen beste izan bat izan zen Etorkizunak, horrela, pluralean. Ideia horretatik birfindu dugu izen laburragoa, Betor hau.

Aldaketa azeleratuen garaian bizi gara. Krisi eta apurketa garaian ere bai, segurtasun eta eredu zaharrak eta erosoak zalantzan, zerk ordezkatuko ote dituen ez oso argi. Nolakoa dator etorkizuna? Iluna ala argitsua? Neoliberala ala komunalismo berri baten esperantzarekin?

Gauza bat garden samarra iruditzen zaigu, behintzat: etorkizuna teknologiarekin dator, eta panorama teknologiko horretan giltzarrietako bat Internet da. Eta guri, Internet behintzat, gustatzen zaigu. Horregatik diogu, Betor! Betor etorkizuna! Eta betoz etorkizun hori moldatzera eta protagonizatzera ausartzen direnak...

Topaketa Berria.info-k zuzenean streaming bidez eman zuen eta artxibatua ere geratu da. Sustatun kronika bat ere argitaratu da, Deskonturen inguruko zehaztapen ugarirekin.

Antolatzaileak, CodeSyntax, Berria eta Enpresa Digitala pozik geratu ginen lehen hizketaldi hau nola irten zen. Eskerrik asko gerturatu zineten guztiei, eta baita saretik jarraitu zenutenoi. Baita ere, nola ez, Txomin Jauregiri. Lehen Betor hau nola irten den ikusita, gehiago etorriko direla espero dugu orain. Lanean jarriko gara horretara begira.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek