2015/07/16
Google Calendarren ohar batek salto egin zuen pasa den martxoaren 27an eta CodeSyntaxek hamabost urte bete dituela jabetu gara. Eta hori bada zerbait Interneten.

Sortu ginen 2000. urteko martxoan jo zuen goia Nasdaq indizeak eta PuntuCom burbuila lehertu zen. Orduan punta-puntakoak ziren Terra, Lycos edo GeoCities memoriatik ia ahaztuak dauzkagu.

Bitartean, zer ez ote da gertatu teknologian eta gure inguruan. Hamaika jira-bira ikusi ditugu, baina bada tinko eusten diogun oinarri bat: software librea. Zope, Squishdot, Plone, Django, Wordpress, … Guretzat eta gure bezeroentzat abantaila-iturri moduan ikusten jarraitzen dugu.

Internetek eskaintzen dituen aukerak direla eta, ez gara natibo digitalak izango, baina komunikazio digitala barru-barruan daramagu. Posta-zerrenda batean du CodeSyntaxek bere jatorria, gaur egun bizirik dirauena. Ez zen denbora lartxo igaro euskarazko komunikazioan aitzindaria izan den Sustatu sortzeko Goienarekin batera. Egunkariaren itxierarekin sufritu genuen, eta blog zein Web 2.0 mugimenduarekin bizipoza berreskuratu. Sare sozialek harritu gintuzten, eta mugikorrak zein Gauzen Interneta iraultza gisa ikusten ditugu.

Gure herriko enpresak burura etortzen zaizkigunean hor ikusten ditugu Alfa 95 urterekin, AYA 100ekin eta Orbea 175ekin. Horien aldean gazte ikusten dugu gure burua. Baina, pantailan ikusten dugun Facebook 2004koa da, Youtube 2005ekoa eta Twitter 2006koa. Mahaigaineko ordenagailutik pasa ginen eramangarrira; gaur egun tablet eta mugikorra dauzkagu buruan eta Internetera konektatzen diren aparatuak jartzen ditugu kalean.

Nola aldatu den mundua. Gu geu ere aldatu gara, eta baita bezeroak ere. Zenbait bezero berrik ordezkatu dituzue hasierakoak. Eta bazaudete beste asko beti hor egon zaretenak, ia etxekoak, gure bulegoa guk bezain ondo ezagutzen duzuenak. 2005ean bertara pasa ginenetik edota 2008an “alde ilunera” zuloa egin eta ping-pong mahaia jarri genuenetik.

Eskerrik asko bide hau gurekin batera egiteagatik. Ea zer ekartzen digun etorkizunak. Elkarrekin ezagutu dezagun!

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira. Erantzunak moderatuta daude.

Agian interesatuko zaizkizu beste artikulu hauek