Twitter jardunaldiari buruzko laburpena
Jardunaldia Eneko Astigarraga CodeSyntaxeko gerenteak hasi zuen, bertaratutakoei ongietorria egin eta enpresaren 10. urteurrenaz lau hitz esanaz.
Ondoren Joxe Aranzabalek hartu zuen hitza. Beti bezain didaktiko jokatu zuen Joxek eta Twitterren nondik norakoak azaldu zizkigun. Laburtasunaren abantailak, mezuen tipologia, hondamendietan hartzen ari den garrantzia eta abar. Joxek bere blogean argitaratu du erabilitako aurkezpena, baita hitzaldiko testua ere.
Hurrengoa Iban Arantzabal izan zen. Orain zenbait aste artikulu interesgarria atera zuen Ibanek bere blogean Twitter sorkuntzaren kapagailua ote den. Bere hizketaldian gai hauxe jorratu zuen, baita tuit onak nolakoak izan behar diren bere ustetan ere, mezua gehi lotura. Gaiari eta jardunaldiari buruzko gogoetak bere blogean jaso ditu (bere aurkezpenaren materiala hemen ikus daiteke).
Bukatzeko, Luistxo Fernandezek Umap proiektua aurkeztu zuen, eta bereziki gehitu berri diogun funtzionalitatea: albistegi automatizatua. Luistxok erabilitako aurkezpena hemen dago ikusgai.
Bideoa eta argazkiak
Jardunaldi ia osoa zuzenean emititu genuen streaming bidez eta gure kanalean dago ikusgai bideoa (30. minututik aurrera hasten da jardunaldia). Hitzaldiak zintan grabatzeaz gain eduki gehiago ere grabatu genuen, hala nola hizlariek egindako laburpen bat; bideoa editatzen ari gara eta sarean aurki egotea espero dugu.
Argazkiak Argazkiak.org-ra kargatu ditugu, baita CodeSyntax-en Facebook-eko orrira ere.