Nabigatzailea euskaraz izatearen garrantzia
Erabiltzailearentzat ze ondorio izango luke nabigatzailea euskaraz jartzeak?
Kalterako batere ez. Euskaldunak gaztelaniaz ari direla konturatu ere egiten ez diren bezalaxe, berdin gertatuko zaie euskarazko nabigazio-konfigurazioa duten erdaldunei: enteratu ere ez dira egingo.
Ondorio nagusia izango da hau: zenbait webgune eta Interneteko zerbitzuk aukera dute hizkuntzaren arabera eskaintzeko edukia erabiltzaileari. Adibidez, Lantalaneko elkarrizketarako itsatsita jartzeko esan diedan bideoan. Soinua ingelesez du, baina bideoa ikusten hasten bazara, azpitituluak euskaraz azalduko zaizkio euskaraz konfiguratua duenari, eta gaztelaniaz gaztelaniazkoari.
Beste adibideren bat?
Gure enpresaren webgunea, Codesyntax.com gunearen portada bisitatu, eta gaztelaniaz baduzu konfigurazioa, gaztelaniaz azalduko zaizu. Euskaraz baduzu, euskaraz. Helbide bat eta bakarra emanda. Izan ditugu kexuak, "aizue, lehen hitza erdaraz ematen duzue". Ez, barkatu, oker zaude, guk lehen hitza erabiltzailearen hizkuntzan ematen dugu, zu zara gaztelaniaz ari dena sarean.
Estatistika kontua baino ez da?
Ez, hori baino gehiago da. Goiko adibide horiek uste dut adierazten dutela Interneteko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko balio duela honek. Dena dela, estatistika kontuak funtsezkoak dira Interneten. Trafikoaren neurketa eta analitikan egiten den lana ez dakizue norainokoa den...
Google euskaraz izango dugu aurrerantzean?
Agian Google euskaraz azalduko zaio aldaketa egiten duenari, baina Google erdaraz erabiltzen jarraitu nahi duenari, emaiezue preferentziak konfiguratzeko lotura hau, eta hor aukera egin dezala nahi duen hizkuntzaren alde. Nabigatzaile-konfigurazioaren gainetik, Google aukera horiekin azalduko zaio erabiltzaile horri aurrerantzean.
Googlek gure bilaketetan euskarazko orriak lehenetsiko ditu?
Ez, Googlek ez du horretarako filtrorik oraingoz, baina agian etorriko da, hemen informazio gehiago.
Nola ezagutu daiteke hizkuntzaren konfigurazioa, eta nola aldatu?
Mutrikuko Atxukale webgunekoek jarrita dute: Atxukale.com bisitatu, eta lehen orrian esango dizu zein hizkuntza konfigurazio duzun. Hizkuntza bat baino gehiago ager daiteke, euskara lehena izatea da inportantea. Konfiguratzeko, hona argibideak Firefox-erako eta Internet Explorerrerako.
Erakunde batzuetan, trabak omen daude konfigurazioa erabiltzaileak moldatzeko.
Hala da, bai. Ordenagailu askoko erakunde handietan, baldintza zehatz batzuetan konfiguratzen ditu makina guztiek sail jakin batek, eta erabiltzaileari aukera propioak murriztu egiten zaizkio. Segurtasun eta ekonomia arrazoiengatik, ulergarriak izan daitezke enpresa-politika horiek. Kasu honetan, erabaki estrukturalak hartu daitezke, Gipuzkoa Donostia Kutxak egin duen bezala. Kalterik ez inori, eta abantailak euskararentzat.